Guti, Arkaitz, Tortu eta Cotanori

10 urte. Azkar esaten da esaldi labur batean. Baina galdetu egiozu 10 urte bete dituen haurrari, zutunik ere ez jartzetik buruketak egitera pasatzen denean; etxe ondoan pilotan jolasten dabilen 10 urteko umetxoa gidatzen ikasi eta karrera amaitu duenean, sexu harremanak aurkitu eta gozatzen hasten denean; eta 20 urteko gazte burugabeari seme-alabak eduki, bizitzaren katean katebegi bat atzerago jartzeko denbora ematen dionean.

Urte horietan genbiltzala eraman zintuzteten laurak urrun, Guti, Arkaitz, Tortu eta Cotano, guztiontzat hain ohikoa den ziklo errutinako honetatik kanpo. Zuen bizitzaren zikloa mozteaz gain, besteena ere era diferituan jarraitzera kondenatu zintuzteten. Eta gu, zuekin batera baina zuekin gabe, ziklo hori birmoldatzen saiatu behar ginen, urruntasuna eta zuen falta hori buruan sartuz. Inoiz ere horretara ohituz. Bakarrik bidaiari izatea nahi duzun bizitza berri horretan pixkanaka murgilduz.

Garai mugituak eduki genituen garai hartan kuadrillan, euskal gazteentzat prestaturiko Erasmus bereziak ezagutu genituen.  Kalean geunden lagunen zifrak hilabetero aldatzen ziren, batzuk joan, besteak etorri, besteak itzuli ez. Poliziaren gorrotoa ere zuzenean sufritu genuen: Jarraipenak, tortura.  Baina une horietan ere,  beldurra, pena eta buruko desordena horrekin batera ezagutu genituen benetako maitasuna, etxekoen berotasuna, babesa, indarra. Eta laguntasuna. Momentura arte izandako bizitza zoro eta inuzentea oroitzapen bihurtuz.

Zuekin egoteko momentua aukeratu, zehaztu eta buruan presente dago bisitan bertan egon arte. Luze egiten den prozesua, "flash" moduko une baten pasatzen dena, berezia bada ere: kristal atzean ikusten zaituztegunean, izozkailutik aurrez eginiko janari horietako  bat ateratzea modukoa da.  Minutu batzuetan atera, ikusi, aztertu, eta berriro barrura, hurrengo aldira arte. Nahi izanda ere, dastatzeko aukera izan barik. Izoztutako denbora.  Mundu paraleloa. Lagun batekin egun oso baten denbora igarotzeko, urte batzuk behar ditugu.

Baina jakin ezazue, zuek urrunduta gure harremana eta babesa izoztuta hiltzen saiatu diren moduan, guk ere izoztuta mantendu ditugula (ez badira handitu) gure laguntasuna, indarra, babesa, berotasuna eta maitasuna. Beti gaudela eta egongo garela zuen zain, aurrera begira. Hementxe gaude behar duzuenerako. Aupa zuek, egurre!!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun