Eustakio Mendizabal -Txikia- | Erailketaren 50.urtemuga

50 urte dira jada, espainiar poliziak Eustakio Mendizabal Benito “Txikia” Algortan hil zuenetik. Ekintzaile bat hil zuten, eta Euskal Herriak karisma handiko euskaltzale bat galdu zuen. Izan ere, Txikia, herri honek bere askatasuna erdiesteko bide berri bat imajinatu zuen belaunaldi hartako kide esanguratsuenetako bat izan zen. Ez dok amairu sustatu zutenen belaunaldikidea, Arantzazun euskara batuaren oinarriak jarri zituztenena, edota ikastolen sorreran buru-belarri engaiatu zirenena. Txikia, egun euskal askapen mugimendua denaren oinarriak jarri zituztenen belaunaldikoa izan zen.

Eta 50 urte igaro dira jada. Mende erdiak balio izan du herri honek ibilbide luzea egin dezan, hamarkadatik hamarkadara ibilbide oparoa egin dezan. Orduko gazte haiek hilzorian zegoen herri bat martxan jarri zuten, eta burujabetzara bidean irmo doan herri bat jaso dugu hurrengook. Peixotok ereintza aroa deituriko horretan ondutako uzta jaso eta, orain artekoez gain, ildo berriak jorratzea dagokigu.

Txikia aurreko belaunaldien euskal nortasunari eta hizkuntzaren defentsari lotu zitzaion bezala, guri ere badagokigu orain arteko ibilbide abertzaleari segida ematea; baina abertzaletasuna ulertzeko modu berriak asmatu behar ditugu ezinbestean, eta haren potentzial politikoaz jabetu. Nola, ordea? Historian zehar naziotasuna subiranotasun nahiarekin lotua egon da, baita gurean ere, batak bestea elikatzen duen prozesu bezala ulertu ditugulako. “Euskal nazioa izango bada, etorkizuneko proiektu bat imajinatu eta eraikiko delako da”, Sarrionandiaren hitzek hala diote. Txikiak orduko abertzaletasunaren zutabe ziren elementuekin apurtu zuen bezala, guk orain, independentismoa identitarioak soilik izango ez diren heldulekuekin txirikordatu behar dugu. Hau da, Euskal independentismoak estatu bat eskuratu nahi badu, abertzaletasunaz harago hedatu beharko du; baina, aldi berean, erronka handia izango da Euskal Herriaren ondare kultural, linguistiko eta sinbolikoari eustea. Herri nortasunari eta hizkuntzari ardatz gehiago lotuz berreraiki behar dugu abertzaletasuna. Finean, euskal nazioa garaiko taupada emergente eraldatzaileekin uztartzea eta jostea dagokigu, Euskal Herria balore justuetan, balore feministetan, begirada dekolonialetan, Amalurrarekiko harreman osasuntsuetan... oinarritutako lurralde gisa irudikatuz eta eraikiz.

Euskara eta kultura gure aberriaren erdigunean kokatu zituen ETAk, eta ukaezina da horrela izaten jarraitzen duela. Ez da Euskal Herririk euskararik gabe. Baina euskalgintzak jakin behar du (eta zorionez jakin izan du) bestelako borroka eta esparruekin bat egiten. Euskaldunok ez dugu euskaraz egingo maitasuna, borroka, dantza eta iraultza euskaraz egin ezin baditugu. Euskalgintzaren arnasberritzea, beraz, belaunaldi berrien bultzadatik eta bestelako espazio batzuetara begiratzetik etorriko da. Alabaina, gure hizkuntzaren transmisioa ez da gure kulturaren transmisiorik gabe posible izango. Susperraldi kulturala ezinbesteko osagai zaio herri honen izateari, bere bizirauteari. 60ko eta 70eko hamarkadetan egindakoa inspirazio iturri hartu eta gure errealitatera ekar dezagun. Memoria egitea ez delako ariketa hutsala, etorkizuna marrazteko tresna baizik.

Hemen eta orain, nazio susperraldi berri bati ekitea dagokigu, horixe baita Txikia eta haren belaunaldia oroitu eta omentzeko egin dezakegun ekarpenik handiena. Ekin diezaiogun, bada. Aktiba ditzagun Euskal Herriaren luze zabalean martxan diren indar komunitarioak, saretu ditzagun nazioa egunero egiten duten egitasmoak. Eta sortu ditzagun berriak, egungo errealitate eta begiradek ernaberritu dezaten urteetan ereindako naziogintza (eta estatugintza) lana.

Harro Hadi, Euskal Herria!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun