Erresistentzia akanpada

Erabiltzailearen aurpegia TosuBetirako 2017ko abu. 26a, 17:10
ERRESISTENTZIA AKANPADARAKO DEIA Baietz hirugarrenean gelditu!

Lurra lantzen duenarena da, ez diruz erosi duenarena.
Lelo horri heldurik, 6 urte daramatzagu Tosuko landa lantzen. Gurea dagoeneko ez da zelai huts bat; Getxoko nekazalgunearen erresistentzia sinbolo bilakatu da, lurraren beste erabilera bat defendatzen dugunon arteko elkartasunak sorturiko sinboloa. Denok eraikitzen baitugu Tosu, eta Tosuk geu ere eraikitzen baikaitu.

Horregatik, landa hau maite dugulako, gogotsu defendatuko dugu! Gurekin bat egin dezazuen hirugarrena eta definitiboa izango den akanpadara deitzen zaituztegu, abuztuaren 31tik aurrera Tosun. Aurretik izandako bi akanpadetan obrak atzeratzea lortu genuen baina oraingoan behin betiko geldituko ditugu!

Hondeamakinek abuztuan bota behar gintuzten arren, arrazoi burokratikoengatik, edo gure kontraerasoaren beldur direlako, irailera arte atzeratu behar izan dituzte haien asmoak. Ba al dago udari luzapena emateko plan hoberik Tosuko landan hamaika ekimenetan parte hartzea baino? Hitzaldiak, tailerrak, bioeraikuntzan trebatzeko aukera, ortuak lantzekoa, film proiekzioak, kontzertuak, egitarauan agertuko ez direnak eta… erresistentzia eta borroka!!!!!

Hertzainak taldeari keinu eginez, “arrainak itsasoa behar du, eta Tosuk zu behar zaitu”. Abuztuaren 31etik aurrera denok Tosura. Uste baino gehiago gara eta!!!!!

IZEN ZAHARRAK

Gu herrialde estuan sortu ginen,
arbasoek aberri mendrea utzi ziguten.
Merkatari aberatsek merke edo kario
erosten dituzte gure lurrak, gure jendearen
hezurrak. Lurrak eta hezurrak,
eta badoaz urtaroak, eta gu ere bagoaz,
gero eta gutiago gara ginenak,
gero eta urrutiago ginena
Zer geratuko da gerorako?
Leku izenak agian, ez besterik: Ursouia, Itchasou,
Irouleguy,
Aussurucq eta Tchoko
Maitia…
Jendeak misterio aire batekin ahoskatuko ditu izen zaharrok,
jendeak misterio aire batekin ahoskatuko ditu izenok.

Joseba Sarrionandia

Landa ez dadin bilakatu misterio aire batekin ahoskatuko dugun alkate izen zahar hutsa,
ETORRI TOSURA!!!!!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun