Poliziarekin euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Astiz 2023ko uzt. 12a, 08:00

Begiak ireki zitzaizkion. Herbehereetako irratiko kazetaria zen, eta literatur kontu batzuen harira etorri zen Euskal Herrira 2016an. Euskal gatazkaren nondik norakoez erreportaje bat egiteko baliatu nahi izan zuen aukera, halere, eta han jarri gintuen hiru idazle gaiari buruz hizketan.

Aritu ginen frankismoaren itzal luzeaz, ETAz, atentatuez, presoez eta bestez, baina tonu larriko kontakizun hartan, guri ia oharkabean joan zitzaigun detaile batek deitu zuen haren arreta. "Benetan ez zeniokete polizia bati euskaraz egingo?". Ezetz nik, eta ezetz besteek. Behin, bereziki indartsu sentitzen nintzen batean, ausartu nintzela kontrol batean Guardia Zibil bati "arratsaldeon" esaten, eta bereziki kikilduta amaitu nuela, agur horregatik bakarrik jasotako tratuagatik. Harritu egin zen, eta haren harridurak harritu ninduen ni.

"Ertzainekin ere ez?", galdetu zuen orduan. Eta zalantza gehiagorekin baina ezetz denok berriz ere. Eta harrituta bera berriz ere.

Iruditu zitzaidan gizarte justuago baten aukera erakusten zuela haren keinuak, eta maiz gogoratu naiz harekin. Zer esanik ez, auzitegiek, Erandion, udaltzain izateko euskara jakin beharrik ez dagoela ebatzi zutenean.

Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora

HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun