Garabiak zeruan

Erabiltzailearen aurpegia Lizar Begoña 2023ko ira. 20a, 08:00

Sopelako zeruan garabiak ez dira aparteko ezer aspaldian, badira urte batzuk paisaian inkrustatuta agertzen zaizkigula. Orubeak eta lantzarrak hezurdura metalikoz okupatu eta hilabete gutxiren buruan, ene: txalet, hipermerkatu eta gimnasioak. Otzan paseatzen dugu eraikin berrien artean, herriaren traje aldaketa etengabeaz ohituta bageunde bezala.

Martxoan Andra Mariko Bentan egin ziren hirigintzari buruzko jardunaldietan, urbanismo neurrigabeak (fauna eta floran duen inpaktuaz gain) geruza sozialean duen eragina ere azpimarratu zen. Hizkuntzaren galera eta kohesio soziala ahultzea aipatu zituzten, besteak beste.

Ausartuko naiz esatera, hein batean, pantailetako bizitzaren antza hartzen diodala hirigintza eredu honi. Era basatian hazitako ekosistema orotan norbere burua bilatzea ez da gauza makala, eta are besteren baten berotasuna aurkitzea. Sarean jendez inguratuta eta bakarrik sentitzea ez baita kasualitatea, eta pistaren bat ematen digu talde-identitateaz dugun pertzepzioaz. Baina burua altxatu eta antzera herrian. Ez zait astakeria iruditzen pentsatzea bortxaz eraikitako adreiluzko plazetan harremanak ere bortxaz eraikiko direla.

Ez al da arrotza egiten garabi artean bat-batean agertu den banku pintatu berri batean esertzea?

Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora

HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun