Goenkale

Erabiltzailearen aurpegia Nahikari Ayo Acebo 2023ko urr. 16a, 11:49

Antzinakoa beti bueltatzen da, hori esaten du gure amak. Irakurle, 'Goenkale' itzuli da! Maria Luisa, Txapas, Joxe Mari, Don Luis, Margari eta konpainia bueltan daude. ETB1en ikusgai daukazue "Biba zuek!" saioa baino lehen.

Amona kritikatzen nuen telenobelak ikusten zituelako, eta gero ni engantxatu nintzen 'Goenkale'-ra. Oso euskalduna, baina euskal telenobela, ukatu arren.

Ikastolan geundela, OHOko 6. edo 7. mailan, maisuak etxerako lan modura jartzen zigun astean behineko kapitulu hori ikustea. Hurrengo egunean, gelan komentatzen genuen. Orain gauza arrunta ematen du, baina nork esango zigun telesail bat euskaraz gelan komentatuko genuenik? Garai hartan, 'Dragoi Bola' zen euskaraz erakargarri egiten zitzaigun bakarra.

"Hori egina zagon!", "Mingaina txulora!" bezalako esaldiak ikasi genituen, eta gure bizitzan Hika agertu zen –ikastolan aditz taulan ezabatzen genuena–. Kaleko euskara edota euskara erakargarri bat ezagutu genuen: biraoak, esamoldeak…

Gaur egun, ETBk ez du euskarazko fikzioaren aldeko apusturik egiten. 'Goenkale', 'Bi eta Bat' eta 'Jaun eta jabe' bezalako telesailek zuten arrakasta, ez dugu berriro ezagutu. Noizko euskarazko fikzio duina?

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun