Kultura 2017-01-13 20:45

Euskararen Ginkanaren 5. edizioa azken txanpan sartu da

Erabiltzailearen aurpegia Topagunea

Urtarrilaren 3an hasi zuen bidea, bosgarren urtez, Euskararen Ginkanak, Kutxa Ekoguneak Azkue Fundazioagaz elkarlanean antolatuta eta Euskaltzaleen Topaguneak koordinatuta. Izaera askotariko 27 taldek hasi zuten 3.000 euroko saria lortzeko lehiaketan ibilbidea; astez aste probak burutzen joan dira, puntuak lortu eta finalera iritsi ahal izateko.

Euskaraz eta euskaragaz dibertitzea da Euskararen Ginkanaren helburua. Bosgarren edizio honen gai nagusia hizkuntza-praktika ekologikoa da; lehiakideak gainditu beharreko probak eta galderak izango dira hizkuntzen garapen jasangarrirako lagungarri gertatzen diren hiztun eta hizkuntza-komunitateen ekimen eta praktikei lotuak. Horrela, gaiari buruzko ezagutza jasoko dute partaideek eta burututako proben bidez ezagutza hori zabalduko dute, ikusgai baitaude aipatu probetan sortu dituzten bideoak bai Euskararenginkana.eus webgunean eta baita sare sozialetan ere.

Euskal Herriko hainbat txokotako partaideek osatzen dituzte taldeak, eta izaera ezberdinetakoak dira: euskara elkarteak, aisialdi taldeak, hedabideak, mintzapraktika taldeak, kultur egitasmoak, ikasle taldeak, aisialdian edota hezkuntzan ari diren eragileak eta beste hainbat. Denek komunean dutena da saria irabazita euskararen aldeko proiektu bat sustatzeko erabiliko dutela dirua, horrela jaso dute lehiaketan izena ematerako momentuan egin zituzten eta ginkanaren webgunean ikusgai dauden aurkezpen bideoetan.

Fase bi ditu lehiaketak, lehen fasean, 6 proba gainditu behar dituzte lehiakideek, dagoeneko 5 dira burutu dituzten probak eta azkena burutzea soilik geratzen zaien une honetan puri-purian dago taldeen arteko norgehiagoka.

Lehen fase horretan puntu gehien lortuko dituzten 4 taldeak finala jokatuko dute. Finala urtarrilaren 28an izango da, Donostian kokatuta dagoen Ekogunea parkean, eta egunean bertan egingo da sari-banaketa ere. Urko Aristi kazetari eta aurkezlearen gidaritzapean, 4 proba burutu beharko dituzte finalistek eta puntu gehien jasoko dituen taldeak bereganatuko du saria: aukeratu duen euskararen aldeko egitasmo bat finantzatzeko 3.000 euro.

Finala zuzenean ikusi gura duen edonork aukera izango du Ekoguea parkera bertaratuta, urtarrilaren 28an, 12:00etan.

Argibide gehiagorako:

Euskararenginkana.eus / euskararenginkana@ekogunea.eus

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa