Pili Artze Abascal bere bikotekideagaz batera, Hernandez 1987an errefuxiatu zen Estatu frantsesean, ETAren Bizkaia Komandoko kideei alojamendua eman izana leporatzen zietela jakin ostean. Handik Uruguaira joan zen biak eta bertan "ustezko polizia espainolek bahitu eta torturatu" zituzten, Leioako Ezker Abertzaleak adierazi duenez. Estatu frantsesera itzultzean, Paben atxilotu zituzten Hernandez eta Artze. 1995eko maiatzean, ostera, Montoubannen konfinatuak izan ziren, Euskal Herritik 500 kilometrora. Geroxeago departamendu berdineko beste hiri batean, Valence D’Agenera konfinatu zituzten.
Pili Artzek eta Andoni Hernandezek, euskal errefuxiatu politikoen kolektiboak konfinamendua apurtzeko erabakiarekin bat eginda, Euskal Herrian bizitzeko eskubidea aldarrikatu zuten Baionako katedralean itxialdia burutuz. Azkenean, Arbonan (Lapurdi) finkatu ziren nahiz eta kanporatuak izateko arriskuan egon.
"Bere bizitzaren azken urteetan Arbonan (Lapurdi) bizi izan da Andoni. 2014an iheslarien kolektiboak hartutako erabakiarekin bat eginez, Leioara itzuli zen, nahiz eta Arbonan bizitzen jarraitu behar izan", azaldu dute ezkertiarrek.
"Andoni, preso eta iheslarien kolektiboko gainerako kideen modura, Euskal Herriko gatazkaren konponbidean eragile politiko aktiboa izan da. Bizitza osoa Euskal Herriaren aldeko borrokari emana, gudari eredugarria", amaitu du Leioako Ezker Abertzaleak.