ArgiHizkiak lehiaketako erakusketaren inaugurazioa eta sari-banaketa izango dira bihar Kultur Leioan

Iker Rincon Moreno 2015ko ira. 30a, 11:04
2012an egin zuten ArgiHizkiak lehiaketaren lehenengo edizioa.

Bihar, eguena, urriak 1, ArgIHIzkiak literatura-lehiaketako 10 argazkiak eta horietan oinarritutako euskarazko 20 testu labur onenak batzen dituen erakusketaren inaugurazioa egingo da, 19:00etan Kultur Leioan (Jose Ramon Aketxe plaza 11). Horrez gainera, sariak ere banatuko dituzte ekitaldi berean. Epaileek testu laburrik onena aukeratu dute Mikel Illarregi Elberdinek (Leitza, 1959) egindakoa, eta testu labur-laburren arteko onena, Alba Garcia Portelarena (Bilbo, 1988). Urriaren 1etik 18ra bitartean, erakusketa bisitatu ahalko da Kultur Leioan. Getxoko eta Berangoko erakusketetarako datak ere zehaztuta daude.

Egizu Getxo Euskaldun elkarteak eta HIRUKA komunikazio-taldeak antolatzen dute ArgIHIzkiak, Uribe Kostako hainbat udalegaz (Leioa, Berango, Getxo; eta Makomunitatea) eta zenbait elkartegaz (Berbots, Bizarra Lepoan, Aitxu!, Leioako berbalagunak) elkarlanean. Laugarren ekitaldi honetarako euren argazkiak helarazi zituzten eskualdeko (edo bertan bizi diren) hamar argazkilari profesionalak edo zaletuak hauek izan dira: David Herranz Esteban, Marisol Ramirez Fernandez, Luis Jauregialtzo, Ines Bermejo Larrañaga, Patricia Merino, Ivan Viña Alvarez, Sonia Aoujil, Nerea Falagan Martin, Marta Iraurgi Mendoza eta Itsaso Bartolome Yarza.

Hala, apiril-maiatzean egon zen hamar irudi horietan oinarritutako testu laburrak aurkezteko aukera; eta orain emaitza ikusarazteko ordua heldu da.

Aurten inoiz baino testu (224) eta parte-hartzaile (184) gehiago egon da; denera, 31 herritakoak. Uribe Kostatik 166 testu jaso dira, eta 138 parte-hartzaile uribekostarrak izan dira. Aipamen berezia merezi dute Uribe Kosta BHIko ikasleek; izan ere, Plentziako institutuko 100 lagunek 108 testu helarazi dituzte, institutuan bertan barne-lehiaketa antolatzeaz gainera.

ArgIHIzkiak literatura-ekimenaren helburu orokorrak hurrengoak dira: jendea euskaraz idaztera eta irakurtzera animatzea, eta Uribe Kostako argazkilariak eta euren lana sustatzea eta zabaltzea.

Inaugurazioa eta sari-banaketa

Leioa

Urriaren 1ean, 19:00etan, Kultur Leioan

Erakusketak

Leioa

Urriaren 1etik 18ra
Kultur Leioako erakusketa-aretoan
Astegunetan: 10:00 - 20:00
Jaiegunetan: 11:00 - 14:00 eta 17:00-20:00

Getxo

Azaroaren 16tik abenduaren 13ra
Villamonteko kultur etxean (Algorta)

Berango

Abenduaren 15etik urtarrilaren 10era
Berangoeta kultur etxean

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun