Jendartea  Leioa 2015-10-14 10:00

Bake-kultura sustatzeko ipuin-kontalariak trebatzen jarraituko dute Leioan

Hirugarren urtez, Hitzaren Zuhaitza izeneko egitasmoagaz jarraitzea erabaki dute Leioako Udalak eta Gatazka Eraldatzeko Unibertsitate Zentroak (GEUZ). Horregaz, herritar boluntarioen sarea bultzatu gura dute, ipuinen bidez, umeei bake-kulturaren baloreak transmititzeko eta umeakaz batera lantzeko; esaterako, indarkeriarik eza, berdintasuna, elkartasuna, aniztasunarekiko errespetua, gatazken ebazpen baketsua, eta abar. Azaroaren 2ra arte dago proiektuan izena emateko aukera: 633 016 107 / saioa@geuz.es. Horretarako, beharrezkoa da Leioan erroldatuta egotea.

Bake-kultura sustatzeko ipuin-kontalariak trebatzen jarraituko dute Leioan
Aurreko ipuin-kontalariei batuko zaizkie partaide berriek. © LEIOAKO UDALA | Ikusi handiago | Argazki originala

Ipuin-kontalari izan gura dutenek Marina Apariciok zuzendutako prestakuntza-saioetan hartuko dute parte; ibilbide luzea egina duen aktore profesionala da Aparicio. Horren ostean, iazko ipuin-kontalarien taldeagaz elkartuko dira, eta denek batera teknika hobetzen jarraituko dute. Behin prest daudenean, konpainia-biran joango dira ipuin-kontaketak “oparituz” herriko zenbait ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleei; eta ibilbideagaz jarraituko dute Gabonetako Ipuin-kontaketa Maratoian, Kultur Leioan.

Harrera ona

Hitzaren Zuhaitza proiektua 2013an jarri zen abian; oso harrera ona izan duenez, Leioako Udalak eta GEUZek egitasmoagaz aurrera egitea erabaki dute. “Ekimenak harreman-gune bat sortzea gura du proposatu; belaunaldi arteko izaera duen gunea. Horrek komunitateko hezkuntza-arloko zereginak bultzatuko ditu, komunitatearen, herritarren eta eskolaren arteko lotura sendotuz, hezkidetzaren aldeko apustu irmoan”, azaldu dute.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa