Faes Farma 1933an sortu zen, EAEn. Gaur egun hiru enpresak osatzen dute industria-talde hau: Leioako enpresa nagusiak, Lisboako Vitoria laborategiek eta Lantziegoko (Araba) Ingaso Farm animalia-elikadurako enpresak. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan duenez, "berrikuntza farmazeutikoko beste 20 proiektu lortzea da euskal enpresa farmazeutiko horretako arduradunek 2020rako jarri duten helburua". Horretarako, 2016an, zuzeneko 50 ikertzaile baino gehiago, I+Grako 15 milioi euroko aurrekontua eta 12 milioi euroko inbertsioak izango dituzte, Farmaren laborategiak handitzeko eta fabrika pilotu berri bat eraikitzeko.
Era berean, lehendakariak "garrantzitsutzat" jo du enpresaren nazioartekotzea, eta "horrek Euskadiri dakarkion aberastasuna". Izan ere, Faes Farmak filialak dauzka jardunean Kolonbian, Ekuadorren eta Txilen, hango bazkideakaz batera %50ean; baita Mexikon ere. 2016an filial bat sortuko dute Perun eta beste bat Nigerian (Afrikako lehena). Bestalde, beste bat irekiko dute Txinan, %50ean bertako bazkideakaz batera.
Horrez gainera, lehendakariak honako hau nabarmendu gura izan du: "Faes Farmak duela hainbat hamarkadatik egiten dizkio ekarpenak Euskadiko lehiakortasunari eta ekonomiari; enpresa farmazeutikoa denez eta beti berrikuntzaren eta ikerketaren aldeko apustua egin izan duenez, pertsonen osasuna hobetzen ere lagundu du".
Lehendakariak bere berbaldian gogorarazi duenez, "Euskadin 5.000 pertsona ari dira farmazia-sektorean lanean"; Urkulluren berbetan, 2015ean alor horretan egindako gastu publikoa 763,2 milioikoa izan zen (494,9 errezetatan eta 268,3 ospitaleetako farmazietan). Era berean, adierazi du farmazia-gastu publikoa Barne Produktu Gordinaren %1,11 izan zela, eta 2015ean 348,65 eurokoa izan zela farmazia-gastu publikoa biztanle bakoitzeko.