Zortzi emakumeren artelanak, Kultur Leioan

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 4a, 13:00

Besteak beste, Laurita Silesek parte hartzen du erakusketan.

Martxoaren 4tik apirilaren 3ra bitartean, "Topaketak" izenburuko erakusketa egongo da ikusgai Kultur Leioan. Testuinguru garaikidearen barruan, zortzi emakumeren arteko adierazpen-gunea sortzeko ideiagaz sortu zen ekimena, Ines Bermejo erakusketaren komisario itzubaltzetarrak dioenez. Euren lan artistikoa Uribe Kostan garatzen duten emakumeak dira Topaketak-eko protagonistak: Eider Aguero, Cristina Ezquerra, Idoia Garai, Eugenia Guridi, Andrea Gutman, Leire Muñoz, Jone Saitua eta Laurita Siles.

Diziplina askotako ikuspegitik sortutako lan-sorta batzen du talde-erakusketa horrek; hala, euskarri ezberdinek osatzen dute, artista bakoitzak bere mundua adieraz dezan bere modura: pintura, ilustrazioa, collagea, bideoa, instalazioa, eskultura-objektuak, mugimendua edo argazkilaritzaren bitartez.

Marta Perez Elosuaren argazki-erakusketa

Apirilaren 15era arte, Marta Perez Elosua argazkilariaren "Oihal artean" erakusketa Foru Liburutegiko Areto Nagusian (2. solairuan) egongo da ikusgai, Bilbon. Portugaleteko argazkilariak Euskal Herriko hamabi bat diseinatzaile gaztek egindako diseinu ikusgarriak jasotzen ditu esposizioan, baita diseinatzaile horien jatorria eta erreferentziazko lekuak ere (Bilbo, Gernika, Leioa, Laguardia, Omako Basoa...). Jon Mikeo, Eder Aurre, Paul Txertudi, Antxia anaiak, Nerea Sanchez, Peio Duran, Maria Blanco, Miriam Ruiz, Janire Olano eta Maria Garcia dira diseinatzaile gazte horietako batzuk.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun