Elikadura Burujabetzaren Astea egingo dute EHUn

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 1a, 16:51
EHUko leioako campusa.

Nekazari Borrokaren Nazioarteko Egunari (apirilak 17) segida emateko asmoz, Elikadura Burujabetzaren Astea egingo dute Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) hiru campusetan, Bizilur, EHNE Bizkaia, Etxalde eta EHUk antolatuta. Berez, ekimenak hiru aste iraungo du, campus bakoitzean bana. Hala, Leioako campusaren txanda maiatzaren 2tik 6ra bitartean izango da.

Tarte horretan, Gure lurra gure etorkizuna erakusketa zabaldu, eta Bide berriak: elikadura burujabetza Euskal Herrian dokumentala emango dute, besteak beste. Gainera, nekazaritza-merkatu ekologiko, sozial eta eraldatzailea egingo dute, maiatzaren 3an, martitzenean, 10:00etatik 15:00ak arte. Horretan, bertoko ekoizleak, REAS, FIARE, eta REASeko lurraldeko erakundeak parte hartuko dute, besteak beste.

Halaber, elikadura burujabetzaren alorrean TTIPak zer-zelako eragina izan dezakeen aztertuko dute, maiatzaren 5ean, eguenean. TTIPa Europar Batasuna eta AEBak negoziatzen dabiltzan merkataritza askeko akordioa da.

Egitaraua:

Maiatzak 2-6

  • Erakusketa Gure lurra gure etorkizuna Liburutegi Nagusiko sarreran.

Maiatzak 3, martitzena

  • 10:00-15:00 Nekazaritza-merkatu ekologikoa, soziala eta eraldatzailea, Mikel Laboa plazan.

Maiatzak 4, eguaztena

  • 15:00-17:00 Bide berriak: elikadura burujabetza Euskal Herrian dokumentalaren emanaldia eta berbaldia, Liburutegi Nagusiko ekitaldi aretoan.

Maiatzak 5, eguena

  • 15:00-17:00 Elikadura burujabetza eta TTIPa hitzaldia. Andoni Garcia (COAG) eta Sonia Ingunza (Etxaldeko Emakumeak) Liburutegi Nagusiko ekitaldi aretoan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun