Batxilergoko 1.433 ikaslek egingo dituzte Unibertsitatera sartzeko ezohiko probak

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 5a, 17:16
Hainbat ikasle azterketa egiten, Leioako campusean. © EHU

Eguazten honetan, uztailak 6, 08:45ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko 1.433 ikaslek hasiko dituzte Unibertsitatera sartzeko probak UPV/EHUn, ezohiko deialdian; horietatik 925ek euskaraz egingo dituzte. Ohiko deialdian, Batxilergoko 9.663 ikasle aurkeztu ziren, eta, erreklamazioen prozesua amaituta, %98k gainditu zuen fase orokorra. Azterketak hiru egunean egingo dira; eguaztenetik barikura arte, alegia.

Unibertsitatera sartzeko probek atal nagusi bi edukiko dituzte: orokorra eta espezifikoa. Batxilergoa amaitzean ikasleek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak egin beharreko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak dituzten ala ez neurtzea dauka helburu atal orokorrak. Honako bost azterketez osatuta dago: Gaztelania eta Literatura; Euskara eta Literatura; Filosofiaren Historia edo Historia; Atzerriko Hizkuntza; eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko ikasgai baten azterketa, ikasleak gura duena. Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.

Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (%60 Batxilergoari dagokio eta %40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortuz gero proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gutxienez 4 puntu lortu baditu.

Atal espezifikoa borondatezkoa da, eta bere helburua da neurtzea ikasleen ezagutzak eta arrazoitzeko gaitasuna arlo jakin batzuetan; alegia, unibertsitatean egin gura dituzten ikasketakaz zerikusia duten arloetan. Fase horrek aukera ematen dio ikasleari fase orokorrean lortutako kalifikazioa hobetzen. Atal espezifikoan ikasle bakoitzak Batxilergoko bigarren mailako modalitateko edozein gai aukera dezake, fase orokorrerako aukeratu duena izan ezik. Gehienez lau gairen azterketak egin ahal izango dituzte atal honetan. Eta, gehienez, 4 puntu lortu ahal izango dituzte. Gai bakoitzari 0 puntutik 10 puntura bitartean emango zaio, gutxienez 5 bat lortzen bada hartuko da kontuan, eta azkeneko nota aterako da borondatezko bi nota onenak eta haztatzeko parametroak biderkatuz. Haztatzeko parametroen baloreak 0,1 eta 0,2 dira eta Unibertsitateak ezartzen ditu, gaiak hautatutako graduagaz duen harremanaren arabera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun