Javier Cortesek ordezkatuko du Joan Lluis Albella Askartza Waterpolon

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 19a, 17:20
Javier Cortes entrenatzailea. © DOS HERMANAS WATERPOLO-KLUBA

Javier Cortes Nuñez izango da datorren denboraldian Askartza waterpolo-talde nagusiaren entrenatzailea. Sevillakoa Dos Hermanas emakumezko taldearen teknikoa izan da zortzi urtez, ohorezko mailan. Pasa den otsailean, Cortesek pauso bat atzera egin zuen, taldeko harrobia lantzeko. Andaluziarrak hutsune handia bete beharko du, Joan Lluis Albella Corredera entrenatzaile katalanak utzitakoa.

Joan Lluis Albellaren agurra

Klub leioaztarrak goraipatu egin du Albellak sei urtez egin duen "lan handia" eta harrobiari erakutsi dien arreta. Horri esker, klubak eta taldeko kirolariek "sekulako mailan lehiatzeko" kapazak dira. Horrezaz aparte "aztarna sakona" utzi duela nabarmendu dute Askartzako zuzendaritzako kideek, "klubeko pertsona denakaz konektatu eta pertsona legez asko balio duela erakutsi" duelako. Albellari "etorkizun pertsonal eta profesional oparoa" opa diote, "beti izango baita guretako bat". Datorren denboraldian, Portugalgo Porto hiriko Fluvial Portuense taldean jardungo du, klubak aurkeztu dion proiektua "liluratu egin nauelako", esan du Albellak. Halere, Olotekoak argitu du Askartzan "etxean legez" izan dela eta ez duela baztertzen egunen batean bueltatzea.

Javier Cortes

Askartzak zabaldu duenez, prestakuntza handia ekarriko du tekniko andaluziarrak: Magisteritzan diplomatuta, Heziketa Fisikoan eta Haur Hezkuntzan espezializatu da. Gainera, Dos Hermanasen hartu duen eskarmentua baliagarria egingo zaio. Klubak azaldu duenez, "gaztea da eta ilusioa dauka erronka honengatik". Gaineratu dutenez, "gu denon babesa izango du, datorren denboraldian kluba hazten segitzeko ahalegintzeko". Era berean, sendi guztiei euren babesa eskatu diete, "kirolaz, eta Askartza klubeko kirolarien beharraz eta ahaleginaz gozatzeko, Javier Cortes Nuñez gure arduradun tekniko berriagaz".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun