Aida Bartolome waterpolo-jokalari leioaztarrak Bordelen jokatuko du

Iker Rincon Moreno 2016ko abu. 16a, 14:57
Aida Bartolome, Leioa Waterpologaz. © BIZKAIALDE

Aida Bartolome Leioa Waterpoloko jokalaria fitxatu du Bordeleko Union Saint-Bruno (USB) taldeak, Frantziako txapeldunordeak. Benoit Cornier USBko lehenengo entrenatzaileak ipini zen harremanetan Bartolomegaz, taldea ixteko bera bezalako jokalari bat behar zuela esanez. Hainbat denbora pentsatzen eman ostean Bartolomek baiezkoa eman du, Isusko Arias kazetariak bere bitakoran jakinarazi duenez. Leioaztarrak dozena bat urte daroa Sakonetako klubean eta azken denboraldian 50 tanto sartu zituen.

Benoit Cornierrek "idatzi zidanean esanez gura izanez gero postua nirea zela ez nuen sinetsi; ez zitzaidan iruditu ni izan nintekeela aukeratua, hainbeste jokalari on izanda. Hortaz, baiezkoa irten zitzaidan bat-batean", azaldu dio Bartolomek Enfermos del Balon Amarillo blogari: "behin hotzean, konturatu nintzen ez zela hain erraza joatea, kontu asko faltan sumatuko dut".

Bartolomek ezaguna du Bordeleko USB taldea, orain dela laupabost urtetik. Birritan jokatu du Leioa Waterpologaz han, klub akitaniarraren lehiaketan; iaz Bordelekoak etorri ziren Sakonetara denboraldiaren aurretiko partida bat jokatzera. Orduan, "sasoitsu nenbilen, oso ondo jokatu nuen eta euren entrenatzailearen arreta piztu nuen; denboraldi osoan jarraitu zidan", kontatu du Bartolomek.

Leioaztarra "gogotsu" dabil abentura berria bizitzeko. Halere, "beldur apur bat" dauka eta frantsesa ez jakiteagatik kezkatuta dago. Ez da bere kezka bakarra: "profesionala izango naiz, ordainduko didate eta beraz, askoz gehiago eskatuko didate". Hasteko, hiru lehiaketei egin beharko die aurre, haietako bat Europa mailakoa. "Seguru aski une zailak izango dira, baina gainditu ahal izango ditut", ziur dago Sakonetako izarra.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun