Euskarazko Komunikazioaren Nazioarteko II. Biltzarra egingo dute Leioan eta Bilbon

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 19a, 16:21
© EHU

Euskarazko komunikazioaren esparruan diharduten eragile eta protagonista ugari bilduko da biltzar honetan hiru egunez, bihar eta etzi egun osoz eta zapatuan goizez. Egitarau zabala atondu da: lehen bi egunetan, Leioan EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean bilduko dira hizlariak, entzuleak eta parte-hartzaileak, oro har. Biltzarraren azken eguna goizeko saioetara mugatuko da, eta Bilbon egingo dira, EHUko Bizkaia Aretoan.

 

EITB sortu zenetik 34 urte pasatu dira; "Euskaldunon Egunkaria" kaleratu zela, 26 urte dira; hedabide lokalak zabaltzen hasi zirenetik ere beste horrenbeste... Euskarazko Kazetaritzaren I Nazioarteko Kongresua egin zela, berriz, daborduko hamabi urte igaro dira.

Jardunaldi haien abiapuntua euskarazko hedabideen gaineko halako diagnostiko-aitortza bat izan zen, eta, besteak beste, honako puntuak zehaztu ziren: euskal komunikazio esparrua txikia izanik ere izan bazen, eta gero eta nabarmenagoa hedabideen munduan; alabaina agerian zuen zenbait ahulezia ere: egoera soziolinguistikoa, merkatuaren txikitasuna, lan-baldintza makurrak edo diru-laguntza politika definitu gabeak. Diagnostiko horregaz batera ondorioetan honako baieztapenak eta aldarrikapenak jasotzen ziren: erakunde publikoen laguntza eta lankidetzaren beharra; gutxieneko estandarretan, kalitatean egin beharreko apustua; euskarazko publizitate sareak osatu beharra, non Administrazioak berebiziko ardura izan beharko lukeen; albiste-iturriak landu beharra; espezializazioa lantzea; teknologia berrietara egokitze bidean multimedia ereduak garatzen joatea, eta bere burua ezagutzeko egitura iraunkorrak jartzea martxan. Hori dena landu eta finkatu beharrak zekartzan buruhausteez gain, digitalizazioak zekarren erronkari zelan erantzungo zitzaion ez zen ziurra.

Lekukoa

2004ko kongresuaren lekukoari helduta dator aurtengo biltzarra. Orduan, digitalizaioaren atarian ikusten zuten euskarazko hedabideek beren burua. Daborduko aro digitalean bete-betean sarturik gaude, eta, mendebaleko herrialde gehienetan gertatu den bezala, euskal kazetaritzaren eta komunikazioaren mundua goitik behera eraldatu da: etengabeko aldaketak eta berehalakotasunak bizi du gaur gure komunikazioa.

Euskarazko hedabideetan diharduten aspaldiko profesionalen eta hasi berriagoak direnen jarduerak ezagutzeko parada izango da biltzarrean, ohiko kazetaritzaren bideetan dabiltzanenak eta bide berriak urratu eta lantzen diharduten beste komunikatzaile batzuenak, eduki eta formatu berriak probatzen dabiltzanenak.

Helbide honetan dago ikusgai bi egun eta erdirako atondu den egitarau nagusia: www.digitaro.eus/programa

Nolanahi ere, egitarau nagusian ageri den baino zabalagoa eta pluralagoa da euskarazko komunikazioaren jarduera gaur. Komunikazioak aurkezteko espazioetan ezagutu daitezke beste hamaika esperientzia eta ikerketa: www.digitaro.eus/call-for-papers

Biltzarraren antolatzaile eta sustatzaileak honako erakunde hauek izan dira: EHUko Bizkaiko campusa, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Ikus-entzunezko eta Publizitate Saila, Kazetaritza eta Kazetaritza II sailak; UEUko Komunikazio Saila, Hekimen, Berria Taldea eta EITB.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun