Aurtengo Umore Azokarako lanak aurkezteko epea zabaldu dute

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 21a, 11:34
Iazko Umore Azokan ikusgai egondako ikuskizunetako bat.

Maiatzaren 18tik 21era egingo dute 2017ko Umore Azoka, Leioan. Hala, bertan parte hartzeko proposamen artistikoak bidaltzeko epea zabaldu dute antolatzaileek. Interesatuta dauden konpainiek edo artista profesionalek azaroaren 22ra arte izango dute izena emateko aukera, www.umoreazoka.org web gunearen bitartez. Bertan aurkituko dituzte parte hartu eta proposamenak bidaltzeko baldintzei buruzko argibide denak.

Umore Azokak harrera egin gura die kalea adierazpen eta komunikazio artistikorako bide gisa erabiltzen duten konpainia edota artista profesionalen lanei. Kale-antzerki, musika, zirku, dantza eta bestelako lanak onartuko dira; haurrentzat, familientzat zein helduentzat izan.

Lanek Estatuan estreinakoak edo maiatzaren 2015etik aurkeztutakoak izan behar dute, eta oso modu positiboan baloratuko da Umore Azokan bertan estreinatzeko proposamena, betiere Azokaren Zuzendaritza Artistikoak behar beste denbora badauka estreinaldi horren kalitatea balioesten duten datuak biltzeko.

Azokak atal berezia mantentzen du edizio honetan, 2017ko maiatzetik 2018ko maiatzera bitartean estreinatuko diren eta sormen edo ekoizpen-prozesuan dauden ikuskizunak aurkeztu ahal izateko, konpainien eta kultura-eragileen arteko topaketen dinamikaren barruan. Proposamenak Azokaren bulegora bidali behar izango dira (atal honetan parte hartu gura dela garbi azalduz) konpainiek egoki ikusten duten dokumentazio denagaz batera, eta aurkezpen proposamena azalduz (minutu gutxiko eszenario gaineko aurkezpena, "showcase"-a, "work in progress", komunikazioa...).

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun