Senda-agiria jaso du Ariane Casadok

Iker Rincon Moreno 2016ko abe. 1a, 20:12
Casadok uneoro izan du taldekideen babesa. © LUTXO - LEIOAKO EMAKUMEAK

Ariane Casado Leioako Emakumeak B taldeko kapitain eta kimuen entrenatzaileak senda-agiria jaso zuen atzo, Leioako Kirol Elkarteak jakinarazi duenez. Kapitaina pasa den otsailaren 2an lesionatu zen, belaunean lotailu-haustura izan zuen-eta. Hala, ia hamar hilabete geroago, Casado "inoiz baino sendoen eta animatuen" bueltatu da, klubaren aburuz.

Casadori ebakuntza arrakastatsua egin zioten pasa den ekainaren 6an, Bilboko klinika batean. Geroztik, errehabilitazio zorrotza egin du. Leioako Kirol Elkarteak gogora ekarri duenez, "azken osatze-fasean ohikoa zen bera korrika egiten ikustea Sarrienako instalazioetatik, bakarrik edo lesionatutako beste taldekide batzuekaz".

Casadok sare sozialetan ospatu zuen atzo senda-agiria jaso izana, honako mezuaren bidez: "Bizitza ez da koldarrentzat egina. Onena hasi da. #Senda-agiria #302egungaindituta". Klubak azpimarratu du filialeko kapitainak egin duen "lana eta ahalegina" eta baita elkarte osoarentzat den "adibidea eta harrotasun-arrazoia".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun