Gabonetan pirotekniarik ez erabiltzea gomendatu du Leioako Udalak

Iker Rincon Moreno 2016ko abe. 31a, 12:30
MARCUSMARCINEK

Leioako Udalak dei berezia egin die herritarrei pirotekniarik erabil ez dezaten jaiegun hauetan zehar, ardura eta auzokideekiko errespetua eskatuz. Erabiliz gero, har daitezkeen segurtasun neurri denak hartzeko eskatu du.

Udalak bereziki gogoratu du halako materialaren erabilerak ekar litzakeen ondorioak. Alde batetik, pertsonen segurtasun eta herriaren ondarerako arrisku larriak: "petardoak eta suziriak desegoki erabiliz gero, erabiltzailea erre daiteke edo zauri larriak izan, eta horiek hartuko duten ibilbidea aurreikusi ezin denez, arriskutsuak dira hirugarrenentzat ere bai", azaldu dute. Suziri eta petardoak eraikin edo hiri-altzarien aurka botatzeak higiezin horien erabiltzaileentzako arrisku gehigarria dakar, eta gainera, denon ondarearen aurkako erasoa da, agintari leioaztarraren arabera.

"Egoera are larriagoa da erabiltzailea adingabea bada, eta gehienetan, piroteknia erabiliz gero, auzotarrei eragozpen gehiago dakarkie, baita ordena publikoaren nahasmendua ere", gaineratu dute.

Bestalde, Leioako Udalak azpimarratu du halako produktuak erabiliz gero, "ingurumenari kalte egiteaz aparte, ondorio larriak paira ditzaketela zenbait pertsonek". Agintarien berbetan, "buru-nahasmendua dutenak, adinekoak, umeak, eta horiez gain, eztandak eragindako estres episodio larriak sufritzen dituzten animaliak ere".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun