Euskal Herriko Waterpolo Kopa barik geratu da Askartza

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 24a, 10:00
Claret Askartzako taldea, artxiboko irudian. © ASKARTZA IGERIKETA ELKARTEA

Euskal Herriko Waterpolo Koparen lauko finalak jokatu ziren pasa den zapatuan, Iruñean. Bertan, Askartzako emakumezkoen taldea zen Uribe Kostako ordezkari bakarra. Leioaztarrak iazko txapeldunak dira, baina aurten ez dute balentria hori errepikatzerik izan.

9802 waterpolo-talde nafarrak etxean jokatu zuen eta abantaila hori baliatu zuen partida estu batean. Etxekoek 3-2 aurreratu ziren lehenengoz zatian. Bigarrenean, leioaztarrak aurreratu ziren tanto batengatik, 4-5. Hirugarren zatia amaitzean, 7na berdinduta zeuden talde biek, baina azken zatian nafarrek hobeto eutsi zioten nekeari eta presioari. Bukaeran, 9-7 markagailuak finaletik kanpo utzi zituen Claret Askartzakoak.

Hala, Euskal Herriko Waterpolo Kopa Eibarko Urbat taldearentzat izan zen emakumezkoetan, 9802 taldea 11-7 mendean hartu ostean. Gizonezkoetan, nafarrek lortu zuten, Bilboko Deportivo taldea finalean garaituta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun