Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat ekintza antolatu ditu Leioako Udalak; horien artean, berdintasunaren gaiagaz lotura daukaten liburuak ikusgai egongo dira, Kultur Leioako liburutegian, bariku honetara arte. "Liburu-bilduma horretan, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako liburuak daude, eta adin guztietarako. Herritarren esku ipini gura dugu gida hau, balio ez-sexistak eta hezkidetza lantzeko helburuagaz", azaldu dute antolatzaileek. Besteak beste, 5 eta 8 urte arteko umeentzako ipuinak daude, 12 urtetik gorako gazteentzako eleberriak; eta helduentzako liburuak, komikiak eta filmak ere bai. Egun berean, "Femenino plural" izenburuko ahozko narrazioa eskainiko du Alabazan taldeko Pedro Ruizek, Kultur Leioan; sarrera, doan. Saioa 18:30ean izango da, gaztelaniaz.