"Biolentzia eguneroko desjabetuok, zapalduok, jasaten dugun errealitate itogarria da", atzoko ekintzaren egileek adierazi dutenez. Testuinguru horretan kokatu dituzte "matrikula itogarriak, klaseetan jasan beharreko eduki zapaltzailea, unibertsitatera ailegatzeko garraioa zein etxebizitza-alokairua ordaintzeko ezintasuna...". Horren guztiaren erantzule egin dute Euskal Herriko Unibertsitatea: euren berbetan, "aurrera eramandako ekimena sinbolikoa izan zen. EHU kapitalismoaren sostengurako eta erreprodukziorako instituzioa denez, errefusatu egiten dugu; eta horregatik burutu dugu ekimena dekanotzan, aparatu burokratiko honen beste atal bat den dekanotzat, hain zuzen ere".
Amaitzeko, gaur EHUk deitutako kontzentrazioa ez babestera deitu dituzte unibertsitateko langileak eta ikasleak, "burgesiaren mesedetara dihardutenen elkarretaratzea" delako. Ildo berean, martxoaren 23an, "ikasle zapalduon alde kaleak hartzera" deitu dituzte. Azken egun horretarako greba deialdia egin du Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak.