"Normaltze sozial eta politikoa" landuko du Etxeratek, Leioan adostu legez

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 5a, 13:45

Nazio-batzarraren irudi bat. © ETXERAT

Etxerat elkarteak bere XVI. nazio-batzarra egin zuen pasa den domekan, Leioako EHUko campuseko Areto Nagusian. Pasa den urteko balantzea egiteaz gainera, dispertsioak eragindako 16 hildakoak omendu zituzten eta hemendik aurrerako egin beharreko lanaren planifikazioa aurkeztu zuten.

Etxeratek azaldu duenez, euskal preso politikoen senideen eta lagunen elkarteak "bere konfiantza osoa euskal gizartean ezarria du, egoera politiko berriak sortzeko eta bakeranzko bidea egiteko, eta helburu hori lortzeko, berriki indarrean jarria den akordio soziala aintzat hartuz, euskal gizartea arlo ezberdinetan ordezkatzen duten indar politiko, sindikal eta sozialen parte hartzea eta atxikimendua behar ditugu". Akordio sozial horren bidez, euskal presoek pairatzen duten urruntzea bertan behera utzi eta larriki gaixorik dauden presoen egoerari konponbidea jartzea lortu gura dute.

Etxeratek "salbuespenezko espetxe politika gupidagabearen jomugan" dagoela salatu du: "politika horren ondorio fisiko, psikiko eta ekonomikoak suntsigarriak dira eta denborak aurrera egiten duen heinean eragina areagotu egiten da".

Gogorarazi dutenez, "gaitz larri eta sendaezinak pairatzen dituzten presoentzat denbora bukatzear dago. 1-3/2017 azken instrukzioak modu garbian adierazten du Espainian Estatu-arrazoia ez dela soilik heriotza-zigorra, era horren bidez presoen senide eta lagunen sufrimendua azken uneraino luzatu eta areagotu gura dutelako. Eta horren aurrean, berandu baino lehen, akordio politiko eta instituzional baten bidez denetariko neurriak indartu nahi ditugu, eskubide urraketa honekiko gero eta handiagoa den gizartearen sentikortasunari bidea zabaltzeko".

Etxeratek azpimarratu duenez, presoak urruntzean senideakaz izan beharreko loturarekiko eskubideak urratzen dira. Akordura ekarri dutenez, Frantziako espetxeetako ikuskatzaile nagusiak horrela adierazi du bere urteroko txostenean. Europar legebiltzarreko talde batek ere bat egiten du adierazpen horregaz, baita Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko hiru epailek ere, "baina batez ere euskal gizartea da urruntzea iraganeko kontua izan dadila nahi duena. Eskubide urraketaren bidez gobernuek ezarri diguten sufrimendu eta mendeku egoera horren aurka akordio sozialak muga jarri behar du".

ETAren armagabetzea

Bestalde, ETAren armagabetzea ere berbabide izan zuten. Elkarteak deitoratu du Espainia eta Frantziako gobernuek esan izana "truke saririk ez dela izango". Izan ere, Etxeraten ustez, "giza eskubideak aintzat hartzea baita helburua. Giza eskubideak betetzea sari baten parekoa dela uste izatea oso oker handia da, eta eskubide horiek betearazi beharko lituzketen gobernuek honelakorik ezin dute esan, hori onartezina da".

Etxeraten nazio-batzarrak "normaltze sozial eta politikoa" lortzeko Etxeratek berak egin beharreko ekarpenari begira ere jarri zen: "eskubideak urratzen direnean horren berri zabalduko dugu eta salatu egingo dugu. Egungo espetxe-politikak eragiten duen mina nolakoa den jakin dadin lanean segituko dugu, eta urruntzeak kaltetutako senide eta lagunei arlo ezberdinetan laguntzeko onena eskainiko dugu. Era berean, egoera horrek sortzen duen giza kaltea ahal den neurrian apaltzeko behar diren baliabide tekniko eta humanoak lortzen ahaleginduko gara".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun