Etxera heltzean, neskak gertatutakoa azaldu zuen eta familiaz lagunduta polizia-etxera joan ziren salaketa ipintzera. Erasotzailearen deskribapen zehatza egin ostean, Ertzaintzak erasoaren lekua arakatu zuen, inolako arrastorik gabe. Begi-ikuskapen Taldea bidali zuten bertara ere, erasotzailearen arrasto biologiko eta bestelako ebidentzien bila. Ertzaintzak antzeko aurrekarien susmagarri bat maneiatzen dabil, baina momentura arte ez da atxiloketarik egin.
Antzeko aurrekariak
Ez da lehen aldia Leioan adingabekoen aurkako sexu-erasoak gertatzen direla: 2016ko urri amaieran, 14 urteko neska bat bortxatu zuten. Ustezko erasotzailea atxilotu eta epailearen esku ipini zuten. Atxiloketa ostean, 18 urteko gaztea aske geratu zen, epaiketan aurkezteko obligazioagaz, baina ihes egin zuen. Martxoan, hil-mehatxuak jaso zituzten biktimaren senideek, Alemaniatik egindako dei baten bidez.
2013an, 54 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak 11 eta 15 urte bitarteko umeak bortxatzea egotzita. 2011n, 45 urteko leioaztar bat bederatzi urteko neskatila bat bahitzeagatik atxilotu zuen Poliziak eta 14 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten.