Koronabirusa Uribe Kostan

Pandemiari aurre egiteko lan-baldintza hobeak aldarrikatu dituzte Leioako Laguntza Zentroko beharginek

Unai Brea 2020ko urr. 15a, 22:05

Argazkia: UNAI BREA

Sindikatuek deituta, Leioako Laguntza Zentroko hainbat langilek elkarretaratzea egin dute egoitzaren atearen aurrean, COVID-19ari aurre egiteko baliabide-falta eta plangintza kaxkarra salatzeko. Pandemiaren bigarren olatu honetan birusak langile askori eragin diela adierazi dute, besteak beste.

LABek, ELAk, UGTk, CCOOk eta SATSE erizainen sindikatuek egin dute gaurko mobilizaziorako deia. Laguntza Zentroko langile-batzordeko kideek esan dutenez, "ezin dugu onartu pandemia honetan buru-belarri lanean dabiltzan beharginek kudeaketa eskas baten ondorioak jasatea". Oso txartzat jo dute norbera babesteko materialen gestioa, eta langileen eta egoitzaren erabiltzaileen osasuna arriskuan jartzen ari dela azpimarratu dute.

Gogoan izan beharra dago Leioako Laguntza Zentroa mota horretako zentro publiko bakarretakoa dela Bizkaian, eta bakarra Uribe Kostan. Bizkaiko Aldundiaren menpeko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak (GUFE) du haren ardura, eta mendekotasuna duten adin guztietako pertsonak hartu eta hartzen ditu.

Esan dutenez, egoitzaren egiturak aukera ematen du antolakuntza hobetu eta erabiltzaileak sektoreka antolatzeko, haien zein beharginen artean birusa hedatzeko arriskua gutxitzeko. Zehazki, honako eskariak egin dizkiete egoitzaren kudeatzaileei:

  • Solairu eta eremu desberdinetan dabiltzan langileak elkarregaz ez gurutzatzea.
  • PCR testak egitea langile denei, aldiro.
  • COVIDa dutenen solairuan erizainen lantaldea indartzea.
  • FFP2 motako maskarak ematea zuzeneko arretan diharduten langile denei, prebentzio- eta antolaketa-neurriak hobetu arte behintzat.
  • Eskatzen dituzten langile denek eskura izatea norbera babesteko ekipamenduak.
  • Langile guztiei prestakuntza eta informazio egokia ematea.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun