Leioan ustez arma bategaz gotortutako gizona bere etxebizitzatik atera du Ertzaintzak

A. Z. · I. R. 2023ko eka. 12a, 09:30

Berrozi Berezi Taldeko ertzainak, prest.

54 urteko gizon bat bere etxebizitzan gotortu da gaur goizean, ustez arma bategaz —polizia-iturriek ez dute baieztatu erreala ala simulatua zen—, Leioako Sabino Arana etorbidean, Sakoneta kiroldegitik gertu. Bertako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak segurtasun-dispositibo bateratua aktibatu dute 07:10ak aldera, eta, 10:15erako, Berrozi Berezi Taldeko ertzainek gizona bere etxebizitzatik ateratzea lortu dute, onik. Osasun-zerbitzuek artatu dute gerora, eta anbulantzian eraman dute, HIRUKAk jakin duenez, arazo psikiatrikoak dituela-eta. Desordena publikoa eta mehatxuak egotzi dizkiote gizonezkoari. 

Dirudienez, alarma piztu da auzokide batek ustez armatutako gizona leiho batetik ikusi duenean, Sabino Arana kaleko etxebizitza batean. Horren ondorioz, Udaltzaingoari abisua eman eta, segituan, segurtasun-dispositiboa abiatu dute, Ertzaintzagaz batera. Armari dagokionez, orduotan polizia-iturriek ez dute baieztatu gizona armatuta zegoen edo ez.

Dispositiboa martxan zegoela, berehalako erantzuna emateko Bizkor taldeko ertzainak gerturatu dira, baita negoziazio-talde bat ere. Horiekaz batera, larrialdi-zerbitzuetako anbulantziak eta suhiltzaileak hurbildu dira.

09:00ak aldera, Berrozi Berezi Taldeko agenteak agertu dira, eta, egoera aztertu ondoren, 09:45erako, etxebizitzara sartzeko erabakia hartu dute. Une horretan ere, suhiltzaileek babes-koltxoneta bat puztu dute armatutako gizonaren etxebizitzaren azpian, gerta zitekeenari aurre egiteko.

10:15erako, gotortutako gizona etxebizitzatik atera dute ertzainek, onik, eta osasun-zerbitzuek artatzen ari dira uneotan, HIRUKAk jakin duenez, arazo psikiatrikoak dituela-eta. Desordena publikoa eta mehatxuak egotzi dizkiote gizonezkoari. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun