Entzungai dago Nerbio Bulkada taldearen "Mendekoak" diskoaren aurrerapena

Ander Zarraga 2023ko eka. 20a, 11:17

Hirukote leioaztarrak ekainaren 29an argitaratuko du Mendekoak izeneko disko osoa, baina horren aurrerapen-kantuaren bideoklipa daborduko entzungai eta ikusgai dago. Hardrock, punk, metal, hardcore eta pop musikaren eragina duten abesti lehergarriak egiten dituzte Ivan Berdugo, Ander Igarri eta Aitor Laraudogoitiak. 

Nerbio Bulkada taldeak hilaren 29an aurkeztuko du bere bigarren estudioko lana, Mendekoak  izenekoa. 2018an sortu zen taldeak 2020ean argitaratu zuen bere lehen maketa eta urte bat beranduago Esku-Hutsik estudioko lana grabatu zuen. Gitarra lodiak harmonia malenkoniatsuakaz bateratzen dituen azken lanak taldearen gordintasuna eta indarra transmititzen duela aurreratu dute. "Rock astun eta nostalgikoa" bezala deskribatu duten doinuagaz, ohiko soinuez harago joateko nahia dutela ere azpimarratu dute.

Portugaleten entsegu-lokala duen hirukote leioaztarrak laster argitaratuko duen diskoaren izen bera duen singlea entzungai dago daborduko sare sozialetan. Horretarako, bideoklipa ere grabatu dute Luis Vil eta Ruben Gebararen gidaritzapean.

Hilaren bukaeran plataforma guztietan plazaratuko duten diskoa Mungiako Submarino Records estudioetan grabatu dute, Iñigo Escauriaza soinu-teknikariagaz batera. Halaber, Bartzelonako Ultramarinos estudioetatik diskoaren "bizitasuna bultzarazi" duen Victor Garciaren laguntza ere izan dutela ere azpimarratu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun