Iñigo Urkullu lehendakariak Leioako Txomin Aresti ikastetxean eman dio hasiera ikasturteari

Ander Zarraga 2023ko ira. 7a, 11:50

Iñigo Urkullu lehendakariak Txomin Aresti ikastetxeko instalazioak bisitatu ditu 2023-2024 ikasturtearen lehen egunean.

361.553 ikaslek hasi dute gaur ikasturte berria EAEko unibertsitateaz besteko mailetan. Ikasleen % 51,5ek sare publikoan ikasiko du, eta familien % 83,1ek D eredua aukeratu du Haur Hezkuntzan. Halaber, gaur Leioan egindako ikasturtearen hasiera-ekitaldian, hezkuntza sare publikoan hainbat berritasun egongo direla iragarri du lehendakariak, hala nola 600 irakasle-plaza gehiago, ratioen murrizketa Haur eta Lehen Hezkuntzan eta ingeleseko eskolak hiru urteko geletan.

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak 2023-2024 ikasturteari hasiera eman diote gaur Leioako Txomin Aresti Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxean. Beraiekaz batera izan dira Iban Rodriguez Leioako alkatea, Ibon Gonzalez ikastetxeko zuzendaria eta zentroko, gurasoen elkarteko eta Hezkuntza Saileko hainbat ordezkari.

Ikastetxeko instalazioak eta kurtsoa hasi berri duten umeak bisitatu ostean, prentsa-agerraldia egin dute Urkulluk eta Gonzalezek. Besteak beste, lehendakariak arlo guztietako gastu eta inbertsioen artean "oreka" mantentzearen beharra azpimarratu du, "gure baliabideak finituak direlako".

Era berean, Hezkuntza Lege berriari ere erreferentzia egin dio eta zehaztu du horren helburua "hezkuntza-sistemari esparrurik onena ematea" dela. Gaineratu duenez, "errealismoaren printzipioari eutsi behar zaio, gure herriaren etorkizuna ez hipotekatzeko", baina Euskadik Hezkuntza Lege bat behar duela ziurtatu du, euskal ikasleek "aukera berriak merezi dituztelako".

Horregaz batera, Gonzalezek aipatu du "ohore bat eta eskertzekoa" dela gaur Txomin Aresti ikastetxea aukeratu izana, eta esan du "berritze eta antolamendu mailan egindako lanaren errekonozimendu" bezala hartu dutela ikasturtearen hasiera-ekitaldia Leioan egitea. 

Txomin Aresti ikastetxea

1984-1985 ikasturtean sortua, Leioako Txomin Aresti Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak etapa horietako 2 eta 12 urte bitarteko 420 ikasle inguru ditu aurten bere ikasgeletan. Horien guztien hezkuntzaz 47 profesionalez osatutako klaustroa arduratzen da.

40. urteurrena betetzear dagoela, azken urteotan ikastetxe honek "ikaskuntza aktiboa" izeneko hezkuntza jarri du erdigunean. Ikaskuntza mota honetan, ikasleak dira ikaskuntza-prozesuaren motorra eta ardatza.

361.553 ikasle

Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-etapetan 361.553 ikasle dituela hasi da 2023-2024 ikasturtea irailaren 7 honetan EAEn, hau da, Haur Hezkuntzatik Batxilergora eta Lanbide Heziketara bitarteko ikasleak. Datu honek jaitsiera oso txikia (% -0,02) esan gura du aurreko ikasturteagaz alderatuta.

Haur Hezkuntzan, jaiotza-tasaren jaitsieraren ondorioz, ikasle kopuruak behera egiten jarraitzen du. Etapa horren barruan, dena den, Haur Hezkuntzako lehen zikloak (0-2 urte bitartean) % 2,42ko hazkundea izan du, eta etapa horretako 3-5 urteko zikloak, aldiz, % 3,92ko jaitsiera, aurreko ikasturteagaz alderatuta. Lehen Hezkuntzan, ikasleen beherakada % 2,42koa izan da ikasturte berri honetan. DBHn eta Batxilergoan, hazkunde txikiak izan dira ikasle kopuruan: +% 1,89 eta +% 0,95, hurrenez hurren.

Hizkuntza ereduak eta sareak

Hezkuntza Saileko iturriek adierazi dutenez, seme-alabak eskolatzeko familiek aukeratzen duten sareari dagokionez, hautu hori aurreko ikasturtekoen antzeko proportzioetan mantendu egin da, nahiz eta sare publikoa apur bat hazi den, erdiak baino gehixeagok aukeratzen baitute. Familien % 51,5ek sare horren alde egiten du, eta % 48,5ek sare pribatua aukeratzen dute.

Hizkuntza-ereduei begira jarrita, azken urteetako joerari ikusten da: D ereduak jarraitzen du izaten ikasle guztizkoaren artean hautatuena, eta hezkuntza-etapa guztietan hazi da. Haur Hezkuntzan, 3-5 urteko adin-tartean, eredu hori da gehien eskatzen dena eta 0,7 puntu egin du gora iaztik. Aipaturiko adin tartean, ikasleen % 83,1 daude D ereduan. B eredua % 14,7k aukeratzen du, eta A eredua familien % 2,2k, adin-tarte horretan.

Irakasleak eta ratioak

Horregaz guztiagaz, 2023-2024 ikasturtea Hezkuntza Sailak ikastetxe publikoetara bideratzen dituen giza baliabideak nabarmen ugarituta hasiko da ikasturtea. Hezkuntzak zehaztu duenez, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan joan den ikasturtean baino 374 profesional gehiago daude aurten, eta Bigarren Hezkuntzan (DBH eta Batxilergoa), berriz, 227 gehiago; guztira, 601 plaza gehiago lanaldi osoan 2023-2024 honetan.

Igoera hori bereziki eragin du berrikuntza-arduradunak, aholkulariak, orientatzaileak, ingeleseko irakasleak (Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan) edo Hezkuntza Bereziko irakasleak (pedagogia terapeutikoko 53 irakasle gehiago) ugaritu izanak, baina, horrez gain, DBHn eta Batxilergoan iaz baino talde gehiago daudelako ere bai. 601 horiei gehitu behar zaie, gainera, hezkuntza-laguntzako espezialistetan izan den 87 profesionalen igoera.

Ikasturte hasiera honetako berrikuntzetako bat Haur Hezkuntzan dago. Etapa horretan, 3 urtetik aurrerako klaseetan Ingelesa irakasten hasiko dira ikastetxe publiko guztietan. Bestetik, ratio jaitsierak ere badaude, bai Haur Hezkuntzan, bai Lehen Hezkuntzan. Zehazki, Haur Hezkuntzako 3 eta 4 urteko geletan 23 ikasletik 20ra jaitsi da ratioa, eta Lehen Hezkuntzako 1., 3. eta 5. mailetan gela bakoitzeko 25 ikasletik 23ra pasa da ratioa. Gainera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan tutoretza bikoitza ezarri da 20 ikasle baino gehiago dituzten taldeetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun