Urriaren 7an

Munduko Arrozak ekimena hartuko du lehenengo aldiz Leioak

Ander Zarraga 2023ko ira. 18a, 09:40

Munduko Arrozak jaialdiaren aurreko edizio bat Bilbon. © EKUADOR ETXEA

Aniztasuna normalizatzen eta jatorri desberdinetako pertsonen eta taldeen arteko bizikidetza eta harremana bultzatu gura duen ekimena egingo dute Leioako Boulevarden. Horretan parte hartzeko, izen-ematea hilaren 30era arte egongo da zabalik Sortarazi bulegoan (Iturriondo kalea 18), 09:00etatik 17:30era.

Emakumeen eta migratzaileen erakunde kultural eta sozialek antolatzen duten eguna lehenengoz egingo dute Leioan urriaren 7an, zapatua, Boulevarden. Egun horretan, musika-emanaldiak, jolasak eta arrozaren inguruko herri-bazkaria izango dira hitzordu nagusiak. 

Leioako Udalak ere parte hartuko du ekimenaren antolaketan eta dei egin die leioaztar guztiei horregaz bat egitera. Parte hartzeko beharrezkoa izango da Iturriondo kaleko 18. zenbakian dagoen Sortarazi bulegoan izena ematea edo 944 805 490 telefono-zenbakira deitzea. Epea irailaren 30era arte egongo da zabalik.

Leioako Alkateak, Iban Rodriguezek, gogorarazi duenez, "Leioa gero eta inklusiboagoa, abegikorragoa eta kulturartekoa izateko bidean aurrera egiten lagunduko du". Halaber, Pilar Grados Gizarte Politiken, Gizarteratzearen, Adinekoen, Osasunaren eta Garapenerako Lankidetzaren zinegotziak adierazi duenez, "helburua aniztasuna normalizatzea eta hainbat jatorritako pertsonen eta taldeen arteko bizikidetza eta harremana defendatzea da".

Egitaraua

Munduko Arrozak parte hartzeko, topaketarako eta ondo pasatzeko gunea izan gura duela azpimarratu dute Leioako udal-iturriek. Horretarako, eta auzokideek elkarregaz gozatu ahal izateko, besteak beste, umeentzako tailerrak, dantza, henna eta te-tailerrak, arroz-dastaketa eta paella solidarioa barne hartzen dituen egitaraua osatuko dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun