Eugenio Gutierrez "Tigre" leioaztarra omendu dute Egiari GALde dinamiken barruan

Ander Zarraga 2024ko ots. 26a, 10:15
"Tigre" 1984ko otsailaren 25ean hil zuten Ipar Euskal Herrian erbesteratuta zegoela. © SORTU

Hainbat herritar elkartu ziren atzo Leioan, Eugenio Gutierrez Tigre oroitzeko ekitaldian. Bere omenezko monolitoaren inguruan batutakoek gogoratu zuten 40 urte bete zirela atzo GAL erakunde armatuak Ipar Euskal Herrian errefuxiatuta zegoela erail zutenetik.

Atzo, hilak 25, elkarretaratutako 70 herritarrek lore-eskaintza eta agurra dantzatu zizkioten, eta gogoratu zuten Tigre beste 15-20 lagunegaz batera AEK eta ikastolek antolatutako barnetegi batean euskara ikasten ari zela hil zutela, ehun metroko distantziatik tiro eginez. "Profesionaltasun eta zehaztasun handiko atentatua izan zen, eta GALek egun hartan bertan hartu zuen bere gain, EFE agentziari deituta", azaldu zuten elkarretaratzea deitu zuten Sortuko ordezkariek. 

Paul Laka Sortuko Bizkaiko arduradunak ere hartu zuen hitza, gerra zikinaren erabilera eta horren aitortza falta salatzeko: "Hamarkadetan, estatuak gerra zikina sistematikoki aplikatu izan du ezker independentismoaren kontra. Finantzatutako talde parapolizialak, torturaren erabilera orokortua, oinarririk gabeko ilegalizazioa, sumario eta espetxeratzeak. Beste askorena bezala, Tigrerena espainiar estatuak agindutako heriotza izan zen, eta oraindik ez dago egindakoaren inolako aitortzarik, ez erreparaziorik, ezta ardura hartzerik ere. Bada garaia, behingoagatik, estatuak egindakoa aitortu eta horren gaineko erantzukizuna hartzeko".

Halaber, Lakak Tigreren memoria bizirik mantendu eta horrek amestutako Euskal Herriaren alde lanean jarraitzeko deia ere egin zuen, "bera eta beste asko Euskal Herriaren aldeko borrokan engaiatu ziren bezala, orain guri dagokigu, haien izen eta izanak gogoratzearekin batera, haien bidean aurrera egitea".


Atzo, 70 bat herritar elkartu ziren Leioan "Tigre" omentzeko ekitaldian. © SORTU

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun