Hezkuntzak 22,8 milioi euro bideratuko ditu Barandiaran institutuko eraikin berria eraikitzeko

Ander Zarraga 2024ko ots. 27a, 10:10
Eraikin berriaren sarbide nagusia Aldapabarrena kalean egongo da. © HEZKUNTZA SAILA

Sakoneta auzoan kokatuko den eraikin berriak bere baitan hartuko ditu DBH eta Batxilergoko ikasleak. Bakoitzeko bost lerro izango izango ditu, 40 ikasgelatik gorako edukieragaz. Behin gastua onartuta eta lanak esleituta, obrek 22 hilabeteko epea izango dutela ere iragarri dute.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 22.804.795,58 euro BEZ barne inbertituko ditu Leioako Jose Miguel Barandiaran Bigarren Hezkuntzako Institutuaren eraikin berria egiteko. Zentroa Sakoneta auzoan dagoen 13.783 metro koadroko lursail batean egingo dute, Barandiaran Behekoa hezkuntza-zentrotik hurbil eta Altzaga ikastetxea eta Leioako osasun-zentroaren artean.

Egitasmo horren helburua da eraikin bakar batean biltzea gaur egun udalerriaren erdigunean bi eraikinetan banatuta dauden ikasleak; izan ere, eraikin horietako bat, hirigunetik urrun dago, Santsoena auzoan, hain zuzen.

9.743 metro koadro izango dituen eraikin berriak DBHko bost lerro eta Batxilergoko beste bost hartuko ditu. Horretarako, Hezkuntza Saileko iturriek iragarri dutenez, "bolumen trinkoa duen eraikina diseinatu da, soiltasun, ekonomia eta eraginkortasun energetikoaren printzipioei jarraiki". Zentzu horretan, mantentze-lan gutxi eskatzen duten material iraunkorrak bilatuko dituztela azaldu dute. Egiturari dagokionez, hiru solairuko eraikin luzanga eta lineala izango dela aurreratu dute, Aldapabarrena kalearen trazadurari jarraitzen diona, kale horretatik izango baitu sarrera nagusia.

Eraikuntzaren beste ezaugarri batzuk izango dira berokuntza eta ur beroko sistemek A energia-ziurtagiria izango dutela eta isolamendu-geruza bikoitzeko fatxada izango duela. Halaber, adierazi dute institutuko ur bero sanitarioa ekoizteko behar izango den energiaren % 60 energia berriztagarriaren bidez sortuko dela, horretarako, ur beroa sortuko da teilatuan instalatuko diren bi bero-ponpa aerotermikoa instalatuko baitute. 

Instalazioak

Proiektuaren arabera, eraikinaren hegoaldeko ertzean, beheko solairuan gimnasioa eta aldagelak jarriko dituzte eta orubearen barrualdean kirol-pista eta kanpoko beste kirol-eremu bat ere kokatuko dute. Hori guztia, ipar-mendebaldeko haizeetatik babestuta egongo diren berdegunez eta jolaserako gunez egongo da inguratura, eremuaren topografiari eta eraikinei esker.

Institutu berria eraikiko den guneak duen desnibel handiari esker, aipatutako kirol-pistaren estalkia, aldi berean, aisialdirako gune eta kirol-gune izango da Altzaga ikastetxe publikoarentzat, goragoko kota batean baitago kokatua beste ikastetxe hori. Horrela, lanon bitartez, halaber, Altzaga ikastetxe publikoaren kanpoko eremuak 2.360 metro karratu handitzea lortuko dute.

Besteak beste, eraikin berriak DBHko 20 ikasgela, Batxilergoko 10 gela, bikoizketarako 7 gela, musika-, plastika-, marrazketa-, informatika- eta teknologia-gelak izango ditu. Horrez gain, kimika, fisika eta biologia laborategiak ere izango ditu, baita jantokia, liburutegia eta kirolerako hainbat instalazio ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun