Egitaraua

Feminismoak protagonismoa bereganatuko du martxoko Leioako agendan

Erredakzioa 2024ko mar. 5a, 15:55
Martxoaren 8an bi deialdi egingo dituzte Leioan: goizean 11:30ean, Errekalde plazan, eta, 19:00etan Sakoneta kiroldegitik manifestazio jendetsua aterako da.

Leioako Udalak Emakumeen Nazioarteko Egunagaz bat egingo du aurten ere, eta oraingo honetan, udalerriak berdintasunarekiko duen konpromisoa erakusteaz gain, berdintasun eraginkorra aldarrikatzeko emakumeek izandako papera azpimarratu gura izan du.

Udalak aurtego martxoaren 8rako sortu duen irudia Leioan emakume-profil desberdinetan oinarritzen da, historiako garai eta une desberdinetan, ez bakarrik ikuspegi feministatik, baita aniztasunetik ere. Sormenaren egilea Aroa Sotelo Velasco da, Leioan bizi den 25 urteko artista bisuala. Collage-a garatzeko, oso emakume ezberdinak ikusarazi ditu: Marsha P. Johnson, Stonewalleko istiluetan parte hartzeagatik nabarmendu zen emakume transexuala; Indalecio Ojangurenek ateratako irulea; María Moliner, filologoa eta espainieraren erabilerari buruzko hiztegiaren egilea; Gloria Fuertes, poeta eta feminista; Tarcila Rivera Zea, emakume indigenen eskubideen alde borrokatzen duen Peruko aktibista; Sylvia Pankhurst, sufragista; eta Desiree Beda-Lobedde, arrazismoaren aurkako ekintzailea, bere esperientziaz hainbat liburu idatzi dituena.

Programazioa

Jarduerak eguaztenean, martxoak 6, hasiko dira, Yerma La Dramática Errante antzezlanagaz. Bertan, seme-alabak izateko ezintasunari aurre egin behar dioten emakume guztien egoerari buruzko hausnarketa egiten da. 20:30ean izango da, Kultur Leioako auditoriumean.

Egun horretan bertan, 18:00etatik 20:00etara Pornoa deseraikitzen hitzaldia izango da. Saioa eskolan izango da Laketen, Leioako emakumeen jabekuntza eskolan. Parte hartzeko laket@leioa.eus helbidean izena eman behar da eta haurtzaindegi zerbitzua helbide honetan ere eska daiteke.

Martxoaren 7an, eguenean, XII. Climbing Girl Party egingo dute Sakonetako kiroldegian, 17:00etatik 21:00etara. Ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.

Emakumeen Nazioarteko Egunean, martxoaren 8an, barikua, ohiko elkarretaratzea egingo da Errekalde plazan, 11:30ean. 15:00etan, Andrak Elkarteak bazkaria egingo du egun hori ospatzeko. Informazio gehiago gura izanez gero, harremanetan jarri daiteke Sabino Arana kaleko 78 zenbakian dagoen elkarteagaz. 

Era berea, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdia jarraituz, 19:00etan manifestazio jendetsua ere egingo dute Sakoneta kiroldegitik hasita, "gure bizitzekin negoziorik ez!" lelopean.

Zapatuan, martxoak 9, 11:00etatik 13:30era, Laketen, Biolentzia estetikoa eta gorputz aniztasuna gaiari buruzko hitzaldia egingo dute euskaraz eta parte hartzeko eta haurtzaindegi zerbitzua eskatzeko laket@leioa.eus helbidera mezu elektroniko bat bidali beharko da.

Egun horretako egitaraua kirol jarduera bigaz osatuko da: goizean, emakumeentzako kirol olinpiada bat, 11:00etatik 13:00etara, Errekalde plazan (euria eginez gero, Sakonetako kiroldegira eramango da), eta arratsaldean, emakumeentzako kalistenia saio bat, 17:30etik 19:00etara, Independentzia kaleko Kalistenia parkean.

Aste-akabua amaitzeko, martxoaren 10ean, domeka, V. Emakumeen Martxa egingo da, 11:00etan Errekalde plazatik irtengo dena.

Astelehenean, martxoak 11, 10:00etan, Kultur Leioan Maskulinitatea eraldatzen jardunaldia egingo dute. Leioako ikastetxeetako ikasleei zuzenduta dago, eta berdintasunean oinarritutako beste maskulinitate-eredu batzuk ikusarazi nahi dituen ekintza izango da.

18:00etatik 20:00etara, Leioako emakumeentzako jabekuntza eskolan, Laketen, amatasuna feminismotik lantzeko saioa egingo dute: DESMADRAD@S. Izena emateko eta haurtzaindegi zerbitzua eskatzeko laket@leioa.eus helbidera idatzi beharko da.

Martxoaren 13an, eguaztena, Indarkeria matxistak ez du adinik izenburuko hitzaldia egingo dute 18:00etatik 20:00etara Kultur Leioako prentsa aretoan. Haurtzaindegi zerbitzua eskatzeko: berdintasuna@leioa.eus.

Azkenik, martxoaren 16an, zapatua, Autodefentsa feminista emakumeentzat izeneko bi saio egingo dituzte Laketen, goizez 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 15:30etik 19:30era.

Jarduera horiei bi erakusketa ere gehitu behar zaizkie. Horietako bat, Gailurretan izan gaitun, mendizale, alpinista eta eskalatzaile aitzindariak, 1924-2024, martxoaren 9ra arte Kultur Leioako erakusketa aretoan. Erakusketa Euskal Mendizale Federazioak antolatu du, bere mendeurrena ospatzeko, eta Iruñan lehen geldialdia egin ondoren iritsiko da Leioara. Helburua da azken 100 urteetan emakumeek mendiko kirol-modalitateetan izan duten parte-hartzea ikusaraztea eta aitortzea. Eta bestea, berdintasunari buruzko erakusketa bibliografikoa da, otsailaren 26tik martxoaren 15era, Kultur Leioako Liburutegian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun