Leioak hartuko du ikasleek sortutako ibilgailu elektrikoen lasterketaren hurrengo edizioa

Erredakzioa 2024ko mar. 6a, 09:07
Lasterketa apirilaren 14an izango da, Goblins kategorian. © LEIOAKO UDALA

Leioako ikasleek eta udalerriak ibilgailu elektrikoen laugarren Greenpower Brigstone hiri-zirkuitua txapelketan parte hartuko dute. Txapelketa hori Bilbon, Barakaldon, Santurtzin eta Zornotzan ere egingo dute aurten parte hartuko duten 87 ikastetxetako 110 talde baino gehiagok.

Bridgestonek, Alfonso Líbano Firestone fundazioagaz batera, jarduera hau sustatzen du Greenpower Iberiaren eskutik. Gainera, ekimenak Bizkaiko Foru Aldundiaren, hainbat udalen, Enekuri Motor eta Autonervion ibilgailuen emakidadunen babesa ere dauka.

Atzo, martxoak 5 aurkeztu zuten lasterketa berria Foru Aldundiko prentsa aretoan, eta bertan izan ziren Bridgestoneko munduko txapeldun eta Bridgestoneko enbaxadore Eco Rallye Cup 2022, Eneko Conde basauritarra; Bridgestonek Basaurin eta Usansolon dituen lantegiko Giza Baliabideen zuzendari María Aldecoa; Alfonso Libano Firestone fundazioko patroi Joseba Luzarraga; Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako diputatu Ainara Basurko; Leioako alkate Iban Rodriguez; Santurtziko alkate Karmele Tubilla; Kultura, Euskara eta Kirol zinegotzi Itziar Carrocain eta Zornotzako alkate Ainhoa Salocain. Horiekaz batera, F24 eta F24+ kategorietan parte hartuko duten Deusto Ikastola ikastetxeko taldea eta Goblins dibisioan parte hartzen duen Jesuitinas ikastetxeko kideak ere izan ziren.

Ibilgailu eraginkorrak

Greenpower Bridgestone hiri-zirkuitua izeneko ekimena automobil-proba batzuetan datza. Proba horietan, 9 eta 25 urte bitarteko parte-hartzaileek negozio-plan bat sortu eta hori garatzeko erronkari aurre egin beharko diote, beren ibilgailu elektrikoa sortzen duten bitartean.

Proiektu honek, autoen diseinuagaz eta eraikuntzagaz esperimentatzeaz gain, enpresa-mundua adin goiztiarretik aztertzea ahalbidetzen diela azpimarratu dute antolatzaileek, mugikortasun iraunkorraren etorkizunerako prestatuz.

Lasterketetan, parte-hartzaileek motor elektriko eta bateria berdinakaz aurrez ezarritako ibilbideari zenbat itzuli emateko gai diren lehenetsiko da, errendimendua lehenetsiz. Hau da, lehiaketetan, bateria agortu gabe kilometro gehiago egitea lortzen duenak irabazten du; horrela, ez du azkarrenak irabazten, modu eraginkorragoan eta jasangarriagoan gidatzen duenak baizik.

Aurten, Bilboko txapelketa martxoaren 10ean egingo dute San Mameseko zelaigunean, 10:00etatik 15:00etara. Horietan, EAEko, Kantabriako, Madrilgo edo Nafarroako hainbat zentrotako 28 taldek hartuko dute parte, besteak beste, F24 eta F24+ modalitateetan, 11 eta 25 urte bitarteko gazteek osatua. Hurrengo lasterketa Leioan izango da apirilaren 14an, Goblins modalitatean, 9 eta 11 urte bitarteko umeakaz; azken hori Errekalde plazan izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun