Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

EAJren Gobernuak etxebizitzaren arazoa konpontzeko ahaleginik egiten ez duela kritikatu du Elkarrekin Podemoseko Gorrotxategi lehendakarigaiak

Erredakzioa 2024ko api. 9a, 14:41
Elkarrekin Podemoseko lehendakarigai Miren Gorrotxategi eta Eusko Legebiltzarrerako Bizkaiko hautagai Arkaitz Gorritxo. © ELKARREKIN PODEMOS

Gaur, apirilak 9, Elkarrekin Podemos koalizioak apirilaren 21eko hauteskunde kanpainako ekitaldi politikoa egin du, Leioako Euskal Etxean. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak eta Arkaitz Gorritxo Eusko Legebiltzarrerako Bizkaiko hautagaiak etxebizitzagaz dagoen "arazo larria" izan dute hizpide. Gorrotxategiren esanetan, EAJko Gobernuak "ez du ezer ere egiten" eskualdeko gazte zein helduek etxebizitza bat erosteko eta alokatzeko duten arazoari irtenbidea emateko.

Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategi lehendakarigaiak nabarmendu duenez, "Euskadi etxebizitza garestienak dituen hirugarren erkidegoa da, Balear Uharteen eta Madrilen atzetik". Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza-legearen aurkako errekurtso bat jartzea salatu du, lege horrek alokairua arautzeko ahalmena ematen dionean. Hala, Eusko Jaurlaritzak eskumenak aitzakiatzat jartzen dituela baieztatu du: "Autogobernuak arazoak konpontzeko balio behar du, ez bankuen, funts putreen eta espekulatzaile handien intereserako".

Horren aurrean, Elkarrekin Podemosek "Euskadiko Ongizate Estatuaren bosgarren zutabea" bihurtu gura duela baieztatu du, eta, horretarako, premiazko lau neurri bete behar direla azaldu du: jenderik gabeko etxebizitza guztiak merkaturatzea; tenkatutako eremuak aitortzea alokairuaren prezioak mugatzeko; alokairuko etxebizitza publikoa eraikitzea, gutxienez Europako batez bestekora iritsi arte; eta espekulatzeko metro koadroak pilatzen dituztenei etxebizitza masiboki erosteko ahalmena kentzea.

Modu horretan, azpimarratu du sozialki justua den gizarte batek ezin duela onartu "jenderik gabeko etxerik eta etxerik gabeko jenderik egotea".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun