Bihar irekiko dute Leioako pintura azkarreko lehiaketan izena emateko epea

Ander Zarraga 2024ko api. 9a, 14:26
Aurtengo pintura azkarreko lehiaketan 5.000 euro banatuko dituzte saridunen artean. © LEIOAKO UDALA

Lehiaketa maiatzaren 5ean egingo dute 08:00etatik 15:00etara, daborduko ezarri dituzten Leioako hainbat txokotan. Izen-ematean apirilaren 30era arte egongo da zabalik, eta izapideak Kultur Leioako webgunearen bitartez egin beharko dira.

Bihartik apirilaren 30era bitartean izena eman behako dute Margolari gazteak... eta ez hain gazteak... pintura azkarreko lehiaketan. Lehiaketa 12 urtetik gorako pertsonei dago zuzenduta, 2012an jaiotakoak barne, eta izenemateak telematikoki egin ahalko dira hilaren 30era arte, www.kulturleioa.com udal-webgunean. Halaber, lehiaketaren egunean, izena aurrez aurre eman ahal izango da Kultur Leioan, 08:00etatik 10:00ak arte.

Lehiaketa maiatzaren 5ean egingo da, domeka, 08:00etatik 15:00etara. Egun horretan, parte-hartzaile bakoitzak obra bakarra aurkeztu ahalko du, eta epaileek ez dute kolaboraziorik edo taldeka egindako lanik onartuko. Halaber, artelanak aldez aurretik ezarritako lekuetan egin beharko dira, eta obretan agertu egin beharko du kasuan-kasuan dagokion elementuak: Elexalde errota, Estartetxe kalea, Lamiako-Txopoeta, Mendibile jauregia, Ondiz, Pinosolo parkea, Sabino Arana kalea, San Bartolome baseliza, udaletxea eta eliza eta Udondoko bulebarra.

Artelanetarako teknika librea izango da, eta gutxieneko tamaina 55 x 46 zentimetro izango da; gehienekoa, berriz, ezin izango da 100 zentimetrotik gorakoa izan alde luzeenean. Gainera, obra bastidore edo zurrun baten gainean aurkeztu beharko da.

Sariei dagokionez, irabazleak 1.300 euro jasoko ditu, bigarrenak 1.100 euro eta hirugarren sailkatuak 800. Halaber, 18 eta 30 urte bitarteko egile onenarentzat Gaztea sari berezia ere egongo da 800 euroko sariagaz, eta beste kategorietan saririk jaso ez duen egile leioaztar batek Leioa saria ere jasoko du 500 eurogaz batera. Harrobia saria ere izango da 18 urtetik beherako egileen artelan onenarentzako, 500 euroko diru-sariagaz. Saritu guztiek margotzeko paleta bat ere jasoko dute. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun