Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Avanzadako gasolindegian sutea eragiteagatik

Ander Zarraga 2024ko api. 23a, 11:08
Horrela gelditu da suteak erretako gasolina-hornitzailea. © BIZKAIKO SUHILTZAILEAK

Gaur goizalean, Avanzada ondoko gasolindegian izandako sutearen ustezko egilea atxilotu dutela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Azaldu dutenez, atxilotuak su eman omen die erregai-bidoi batzuei gasolindegian bertan, eta suhiltzaileek piztutako sutea itzaltzera joan behar izan dute.

Gaur goizaldean izan da gertaera, 00:30ak aldera, 38 urteko gizon bat Avanzada ondoan, Bilboko noranzkoan, dagoen zerbitzu-gunean gasolina-hornigailu bati su eman dionean.

Segurtasun Saileko iturriek azaldu dutenez, gizonak hiru bidoi erosi ditu gasolindegian eta erregaiz bete ditu. Hortik gutxira, gasolindegian zegoen beharginak sutan ikusi ditu bidoi horiek eta berehala saiatu da sua itzaltzen su-itzalgailu bategaz, baina bidoiak erosi dituen gizonak ostikoa eman dio bidoietako bati, eta sua zabaldu egin da. Horren aurrean, langileak SOS Deiak 112 zerbitzura deitu du, gertatutakoaren berri emateko eta suhiltzaileak bertaratzeko eskatzeko.

Minutu batzuetara Ertzaintzaren patruila bat iritsi da lekura, eta agenteek sua piztu duen gizona ikusi dute korrika ihes egiten saiatzen ari zela, baina atzetik segitu ondoren berehala geldiarazi dute. Gizona nahiko oldarkor agertu dela azaldu dute, eta agenteek menderatu egin behar izan dute atxilotu ahal izateko.

Sua itzaltzera joan diren suhiltzaileek gasolindegia eta errepidea itxi dute izan zitezkeen kalteengatik, eta sua itzaltzea lortu dute zerbitzu-estazioan kalteak eragin baino lehen. 

Halaber, Ertzaintzak jakinarazi du Erandioko Ertzain-etxetik ikerketa abiatu dutela gertatutakoa argitzeko eta atxilotua horrela jokatzera zerk bultzatu duen jakiteko. Bitartean, atxilotua epailearen aurrera eramango dute hurrengo orduetan, dagozkion polizia-eginbideak amaitu ondoren.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun