Leioak bat egin du Euskadi Lagunkoi Sareagaz, udalerria adinekoen ikuspegitik hobetzeko

Ander Zarraga 2024ko api. 24a, 16:14

Ekimen honek gune bat sortu gura du udalerrian adineko leioaztarrek ideiak eta iradokizunak eman ditzaten, udalerria beraien beharretara egokitzen laguntzeko. Horregaz hasteko, hainbat eragilez osatutako talde ireki bat osatuko dute maiatzaren 8an hasiko den diagnostiko-faseari ekiteko.

Leioako Udalak bat egin du Eusko Jaurlaritzak abiatutako Euskadi Lagunkoia Sareagaz, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz, Leioa adinekoakaz udalerri lagunkoia izan dadin. Gaur egin duten aurkezpenean, egitasmoaren helburuak eta garapena azaldu dituzte Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarriak; jarduneko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak eta Leioako Udaleko Gizarte Politiketako zinegotzi Pilar Gradosek.

Azaldu dutenez, ekimen honen helburua da parte hartzeko gune bat sortzea herritar guztientzat, baina, batez ere, adinekoentzat, ideia eta iradokizunak eman ditzaten, udalerria hobetzen eta adin gehien dutenen beharretara egokitzen laguntzeko. izan ere, aurkezpenean nabarmendu dutenez, leioaztarren % 29k 60 urte baino gehiago ditu, eta % 21ek, 65 urte baino gehiago.

Zentzu horretan, Leioako alkateak adierazi duenez, proiektu honen bidez "gure udalerria hobetu nahi dugu adinekoen ikuspegitik, haien lidergotik, beren behar eta errealitateetatik; eremu guztietako pertsona zaharrenen ikuspegitik jardun nahi dugu, azpiegitura irisgarriak eta egokituak dituen ingurune batean bizi daitezen, elkarrekin bizi daitezen eta goza dezaten, ingurune seguru batean, zailtasunak gehitu beharrean, salbatu egin behar dituena, haien independentzia bultzatuz eta zahartze aktiboa sustatuz; eta aurrera egin behar dugu inor atzean utzi gabe, inklusiboak eta solidarioak izanik".

Bere aldetik, Melgosa sailburuak nabarmendu duenez, "Euskadi Lagunkoiaren sareko lana bere erakargarritasun handienetako bat da". Izan ere, gaineratu duenez, "sarean leku baterako sortu diren jardunbide egokiak partekatzen dira, proposamena beste udalerri batera egokitu ahal izateko". Gainera, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak ekintza txikiekin "eragin handia" lor daitekeela ere nabarmendu du.

Azkenik, Pilar Grados zinegotziak herritarrei parte hartzera deitu die, "saio irekiak dira, leioaztar guztiei zuzenduak, parte hartzea nahi, behar eta nahi dugulako. Ahalik eta herritar gehien izan nahi ditugu, eta, horregatik, parte hartzera eta ekimenarekin aktiboki bat egitera gonbidatzen ditugu guztiak". Gaineratu duenez, "programari atxikiz, Leioako pertsonen, eta bereziki adinekoen, bizi-kalitatea hobetzeko modu integralean eta diziplina anitzetan lan egiteko konpromisoa hartzen dugu".

Egitasmoaren faseak

Euskadi Lagunkoia Sareagaz bat eginda, Leioak lehen urratsa eman duela eta prozesua osatzeko konpromisoa hartu duela adierazi dute Udaleko arduradunek, adinekoakaz lagunkoitasun-plan bat eginez eta garatuz. Plan horretan, adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko ekintzak sartuko dituztela agindu dute.

Hasteko, Leioako Udalak talde eragile bat sortuko du, adinekoak buru izango dituena, baina prozesu osoan parte hartuko duten hainbat kolektibok ere parte hartuko dute, besteak beste, gazteek, guraso-elkarteen ordezkariek, hirugarren sektoreko elkarteek, feministek edo kirolariek, merkataritzako ordezkariek eta udalerriko beste erakunde batzuek.

Talde eragilea eratu ondoren, Leioako egungo egoeraren diagnostiko- eta balorazio-faseari ekingo diote, adinekoen premiei dagokienez. Lan hau hainbat esparrutatik landuko baitute, eta horretarako, 10 saio monografiko eta tematiko egingo dituzte maiatzetik urrira bitartean.

Lan-bilera horiek irekiak izango dira eta aldez aurretik izena eman beharrik gabe parte hartu dezakete gura duen edozein bizilagunek, eta bertan parte hartuko dute talde eragileko kideek eta Leioako Udaleko teknikariek eta politikariek.

  • Maiatzaren 8a, aire zabaleko eremuak eta eraikinak.
  • Maiatzaren 17a, segurtasuna.
  • Maiatzaren 22an garraioa.
  • Maiatzaren 31n etxebizitza.
  • Ekainaren 5a, parte-hartzea eta gizarte-ehuna.
  • Ekainaren 12an, errespetua eta inklusioa.
  • Irailaren 11, herritarren parte-hartzea eta enplegua.
  • Irailaren 18an, komunikazioa eta informazioa.
  • Irailaren 25a, zerbitzu soziosanitarioak.
  • Urriaren 9a, ondorioak eta ekintza-plana.

Ekitaldi guztiak 10:00etatik 12:00etara egingo dizute, Kultur Leioan dagoen Osoko Bilkuren Aretoan.

Diagnostikoaren emaitzetan oinarrituta, Leioako Lagunkoitasun Plana egingo dute. Bertan, antzemandako beharrei erantzuteko jarduketa-ildoak zehaztuko dituzte. Egindako planagaz, planean sartutako ekintzak garatzen hasiko da. Azkenik, prozesu osoaren, planaren eta abian jarritako ekintzen ebaluazioa egingo dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun