Adin guztietako 48 margolarik parte hartu dute domekan Leioan egindako pintura azkarreko lehiaketan

Ander Zarraga 2024ko mai. 8a, 09:22

Leioako "Margolari gazteak... eta ez hain gazteak..." pintura azkarreko lehiaketak 11 eta 74 urte arteko margolari bildu zituen domekan, udalerriko hainbat txokotan. Leticia Gaspar izan da aurtengo irabazlea, baina lehiaketak beste bost sari banatu ditu kategoria ezberdinetan.

Arteak eta talentuak Leioako kaleak bete zituen domekan, maiatzaren 5ean. Beste behin, Leioako pintura azkarreko lehiaketan parte hartu zuten artistek udalerriko hainbat tokitan egin behar izan zituzten beraien lanak: Elexalde errota, Estartetxe, Lamiako-Txopoeta, Mendibile jauregia, Ondiz, Pinosolo parkea, Sabino Arana, San Bartolome ermita, udaletxea eta eliza eta Udondoko bulebarra.

Aurtengo lehiaketa sei sari banatu dituzte, hiru nagusiak eta beste hiru bereziak. Lehen saria 40 urteko Leticia Gasparentzat izan da, 1.300 euro eta margolari paleta eskuratu ditu. Bigarrena, 41 urteko Eduardo Altsasurentzat. 1.100 euro eta margolari paleta bat jaso ditu. Hirugarren saria 67 urteko Milagros Sanchezek jaso du, berak 800 euro eta margolari paleta bat eramango ditu.

Horiez gain, sari bereziei dagokienez, Gaztea sariak, 800 euro eta pintore paleta dituenak, 18 eta 30 urte bitarteko parte-hartzaile baten lanik onena saritzen du, eta aurten Andres Rivasentzat izan da. Harrobia saria Alejandra Garciarentzat izan da, 18 urtetik beherako parte-hartzaile baten obrarentzat. Honek ere pintore paleta bat eta 120 euroko bonua jasoko ditu. Azkenik, Leioan erroldatutako pertsonentzako Leioa saria izan da. Jose Reyes Ramosek eraman du, 500 euro eta pintore paleta bat jaso ditu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun