Kultura  Lemoiz 2016-09-13 10:53

Juan Luis Olaran: "Lemoizko historia batu gura izan dut"

Iker Rincon Moreno

Lemoizko zentral nuklearraren inguruko liburua idatzi ostean, Juan Luis Olaran Sustatxak (Lemoiz, 1945) Goi Erdi Arotik gaur egunera arteko errepasoa egin du bere liburu berrian: "Lemoizko kontakizunak. Iraganari begirada bat".

Juan Luis Olaran: "Lemoizko historia batu gura izan dut"
Juan Luis Olaranek idatzi du liburua. | Ikusi handiago | Argazki originala

Zer aurki dezakegu Lemoizko historiaren gaineko liburu honetan?

Liburua hainbat ataletan banatuta dago, gaiaren arabera; besteak beste, arrantza, nekazaritza, gerra zibila... Goi Erdi Arotik hasten ditut kontakizunak, garai horretakoak baitira aurki daitezkeen lehenengo dokumentuak. Orain arte ez zitzaien garrantzi handiegirik ematen dokumentu zaharrei, eta horietariko asko galdu egin dira urteen poderioz. Hala ere, Bizkaiko Artxibo Historikoan eta Elizbarrutiko Artxibo Historikoan hainbat kontu aurkitu ditut. Izan ere, apaizek beti gorde izan dute dena, eta hainbat gauza interesgarri eta ezezagun aurkitu ahal izan ditut horiei esker. Azken finean, Lemoizko historia kontatzen dut, gaiaren arabera banatutako hainbat kapitulutan, kronologikoki banatuta.

Zelan otu zitzaizun mota honetako liburu bat idaztearen ideia?

Historiak beti erakarri nau, historiak garai jakin batean kokatzen lagundu eta asko erakusten dit: hala nola nondik gatozen eta zergatik gauden, gauden lekuan. Halaber, ikusita ez zegoela honi buruzko ezer idatzita, eta jubilatuta nagoela aprobetxatuz, denbora eskaini nion gustuko dudanari: historiari, eta are gehiago, nire herriaren historia jasotzeari, ia-ia ezezaguna dena guztiz. Lan honetan ez dut den-dena barnebildu gura; batzea lortu dudana dago hemen. Ondoren beste batzuek lortuko dituzte beste kontu gehiago, eta apurka-apurka historia-liburu potolo bat lortu ahal izango da.

Harremana izan duzu Udalagaz liburua egiterako orduan?

Bai, noski. Alkateari gaia aurkeztu nion. Nik daborduko lana eginda nuen, eta eurak publikatzea proposatu nien. Nik ez nuen dirurik gura, baina ezta dirua jarri ere lana publikatzeko. Hala, horri bueltak eman eta hiru urtera, edizio txiki bat publikatzea lortu dugu.

Zelakoa izan da liburuaren harrera?

Nire ustez ona; ez dakit zenbat ale saldu diren... Liburuak saltzeak etekin morala bakarrik eragiten dit; honegaz ez dut sosik irabazten, herriari egindako opari bat baino ez da.

Zenbatean eta non eros daiteke?

Hasieran, familia bakoitzeko liburu bana oparitzea pentsatu genuen, baina, halakoak baloratzen ez direnez, 10 euroan saltzea erabaki dugu, balio materiala izan dezan, besterik ez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa