Etzandarrikoak Lekanda mendira joango dira domekan

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 26a, 13:27

Etzandarriko gazteak mendian, artxiboko irudian. © ETZANDARRI

Lemoizko Etzandarri euskal mendi-taldeak 2017ko hurrengo irteera hilaren 7an egitea aurreikusi bazuen ere, txangoa atzeratzea erabaki zuen, Gure Esku Dagoren herri-galdeketa zela eta. Hala, domeka honetan joango dira Gorbeiako mendilerroan dagoen Lekanda mendira (1.302 metro), hilaren 28an.

Ohi den legez, txangoa Armintzako autobus-geltokitik irtengo da, goizeko 09:30ean; eta 17:00etan bueltatuko dira. Interesdunek telefonoz dei dezakete txangoan izena emateko. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, eguraldi txarra eginez gero, irteera bertan behera geldituko da.

Txangoa doakoa da, baina beharrezko kontuak ondo antolatzeko, umeek eta nagusiek aldez aurretik izena eman beharko dute. Gainera, Etzandarrikoek akordura ekarri dutenez, umeen artean euskararen erabilera bultzatzeko dira irteerak, beraz, horietan parte hartzeko euskaraz ondo jakitea beharrezkoa da.

Modu berean, gogoratu dute nork bere janaria eroan behar duela, eta mendira joateko arropa "egokia" janztea beharrezkoa dela, berbarako mendiko botak, polar bat eta anorak edo txamarra bat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun