Lurgorri eta Tellamendi mendiak igoko dituzte domekan Etzandarri euskal mendi-taldekoek

Iker Rincon Moreno 2024ko ots. 23a, 11:43
Tellamendi gaina. © ETZANDARRI

Etzandarri euskal mendi-taldeak Aramaiora egingo du bidaia domeka honetan, hilaren 25ean, Ibabeko baselizatik abiatuta, Lurgorri (788 metro) eta Tellamendi (834 metro) gainetara igotzera. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, ibilbidea erraza izateaz gainera, ohikoa baino laburragoa da eta, ondorioz, asmoa dute Andra Mari baselizako parkean bazkaltzea, bertan dauden parrilladak aprobetxatuta.

Interesdunek 688 602 121 (Marian) telefono-zenbakira deitu dezakete izena emateko. Txangoa Armintzako autobus-geltokitik irtengo da goizeko 09:30ean; buelta 18:00etan egingo dute. Ohartarazi dutenez, eguraldiaren aurreikuspena ikusita betiko bokata ere eramatea gomendatzen da. "Ibabeko Andra Mari baselizak arkupe eta babes leku sendoak ditu, baina, hala ere, eguraldia aurreikuspenaren eboluzioaren zain geldituko gara".

Umeak eta nagusiak dute inskribatzeko aukera, baina Etzandarritik gogora ekarri dutenez, izena-eman aurretik komeni da arauak ondo irakurtzea:
  • Etzandarri lagun-talde bat da eta irteerak prestatu eta gidatzen dituzten pertsonak boluntarioak dira.
  • Etzandarrik ez du inongo segururik kontratatzen, beraz, partaide bakoitzak bere segurtasunaz arduratzen da. Hala ere, Mnedi Federazioko segurua edukitzea gomendatzen du.
  • Irteeretan parte hartzen duenak edo seme-alabaren bat bertara bidaltzen duenak badaki mendian beti arrisku batzuk daudela eta, normalean gertatzen ez badira ere, mendian istripuak egon ahal direla eta, gertatu ezkero, ezin zaiola guraso boluntarioei ezer leporatu: "Hau ez baduzu ondo ulertu eta onartu, ez etorri edo ez apuntatu irteeretara".
  • Umeen artean euskararen erabilera bultzatzeko ekintza bat da. Beraz, oharra: etortzeko euskara ondo jakin behar da euskara hutsean arituko baitira irteera osoan.
  • Irteerara joateko, aurretik apuntatu beharra dago.
  • Irteerak doakoak dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun