Etxeko grabaketa zaharrak proiektatzeko aukera eskainiko du Proiektors erakusketak

Iker Rincon Moreno 2017ko eka. 16a, 13:21
Aitor Alberdi eta Jesús María Agirre. © PROIEKTORS

Ekainaren 30etik uztailaren 1era egingo dute Plentzian nazioarteko zinema beltzeko film laburren Mikrofilm Short Festival jaialdiaren 6. edizioa. Aurten, gainera, Proiektors erakusketa egingo dute ekimen horren barruan. Erakusketa horretan, 30. eta 70. hamarkaden arteko 30 zinema-proiektore inguru daude, askotariko formatutakoak: 8 mm, Super 8, 16 mm edota 35 mm; eta hainbat markatakoak: Bell&Howell, Kodak, Eiki, Micro Ci Son, Bauer, Elmo, Marin, Bollex Paillard edota Eumig. Erakusketa horren helburua da herritarren oroitzapen-kutxetan egon litezkeen pelikulak berreskuratzea. Hori dela eta, beren film artxiboak eramateko gonbidapena egin die antolatzaileek herritarrei.

Erakusketako arduradunek laguntza emango dute pelikulak kontserbatzeko eta zabaltzeko. Erakusketara eramandako pelikula biribilkiak jaialdian zehar proiektatu ahal izango dira.

Jesús María Agirreren (1947) konponketa-asmamena eta Aitor Albediren (1967) historiarekiko pasioa dira Proiektors erakusketaren abiapuntuak. Erakusketak proposatzen du iraganera bidaiatzea, zenbait proiektore baliatuz (8 mm, Super 8, 16 mm eta 35 mm) eta era guztietarako film artxiboak berreskuratuz eta zabalduz (komertzialak ez direnak), "etxeko filmak oroitzapen soil direla iruditu daiteke, baina horrezaz gain, dokumentu historikoak ere badira", azaldu dute.

Proiektore erakusketa ikusgai egongo da Goñi Portal kultur etxean, ekainaren 26tik uztailaren 2ra arte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun