Irailak 15 eta 16

Antzerkia kalera aterako da Plentziako kaleko arte eszenikoen jaialdian

Ander Zarraga 2023ko ira. 8a, 11:01

"Carman" ikuskizun dibertigarria izango da aurtengo Artekale jaialdiko proposamenetako bat. © JAVIER ARIAZA

Umoreak, musikak eta dantzak hiribilduko kaleak hartuko dituzte Artekaleren seigarren edizioak dakartzan sei ikuskizunakaz. Barsanti konpainiaren Akabo! antzerkiak irekiko du jaialdia hilaren 15ean, eta Lekittoko Deabruen piroteknia-ikuskizun ikusgarriak itxiko du 16an.

Plentziako kaleak agertoki handi bat bilakatuko dira beste behin, irailaren 15ean eta 16an hiribilduak hartuko duen Artekale jaialdiaren seigarren edizioan. Aurtengo sei ikuskizunak publiko guztientzako modukoak izateaz gain, askotarikoak ere izango dira, hala nola antzerkia, zirkua, musika eta piroteknia-ikuskizuna.

Egitaraua:

Irailak 15, barikua

  • 19:00etan, Azurtegiko plazan: Akabo!.
    Barsanti konpainiak antzerki sozial eta kritiko baten aldeko apustua egiten du, umorezko tonuan, gaurkotasunez betea, gero eta presenteago dagoen errealitate sozial bat islatuz.
  • 20:30ean, Ontziola plazan: Carman.
    Kaleko komedia bat da showman bat eta Seat 600 baten inguruan, ikusle guztientzako ikuskizun dibertigarria, non auto ikoniko batek, mugikortasunean, bizia hartzen duen eta gidaririk gabe gidatzen duen Eurovision jaialdira arte.

Irailak 16, zapatua

  • 13:00etan, Azurtegiko plazan, dantza: Meeting Point.
    Elkartzen garen tokiei buruz hitz egiten du dantza ikuskizun honek. Horretarako zeharkatu beharreko putzuei buruz eta hori gertatzeko itxaron behar dugun uneari buruz.
  • 19:00etan, Ontziola plazan: Home.
    Etxe ziztrin batean, bikote batek bere errutina penagarria bizi du. Komediaren zerbitzura dagoen drama bat da, barre-algara sendagarriak eragiten dituen horieretakoa. Clown ikuskizun zirraragarria, barregarria eta samurra, publiko guztiarentzat pentsatua.
  • 21:00etan, Plazatxotik hasita, piroteknia ikuskizuna: Mingorri.
    Lekeitioko Lumentza mendian, zuhaitz arteko kobazulora hurbilduz gero, azal beltzaran eta mihi-gorridun izaki bizidun bat bizi da, Mingorri. Urte luzez Abade maltzurrak giltzapean eduki zuen preso elizan, herriko mahastiek sufritutako izurriteari aurre ez egin izanagatik. Deabruek, ordea, tratu bat du Mingorrirentzat.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun