Jendartea  Sopela 2017-02-15 09:46

Sopelako pizzeriek jasandako erasoak salatu ditu Denok Baterak

Sopelako Telepizza eta Mec Mec pizzeriek "kartel eta pintaketa bidez" jasandako "justifikatu bako erasoak eta akusazio kanpaina onartezina" salatu ditu Denok Baterak alderdiak; eta Udalak adierazpen instituzionala plazara dezala eskatu du. Izan ere, euren ustez, "eraso nazkagarri horiek euren egileen tolerantzia ezaren adierazpena baino ez dira". Halaber, "askatasunaren eta bizikidetzaren aldeko zein indarkeriaren aurkako konpromisoa" berretsi egin du Denok Baterak.

Sopelako pizzeriek jasandako erasoak salatu ditu Denok Baterak
Telepizzan egindako pintaketak. © DENOK BATERA | Ikusi handiago | Argazki originala

Adierazpen instituzionala egiteko eskaera mozio bidez aurkeztu du alderdiak, otsaileko udal osoko bilkuran eztabaida dezaten. Hala ere, hildako A.R.J. 24 urteko langileaz ez du ezertxo ere aipatzen talde honek, helarazitako prentsa-oharrean behintzat.

Azken aldian pintaketak agertu dira Sopelako Telepizza jatetxeko hormetan. Aurretik, urtarrilaren 14ko goizaldean, ezezagun batzuek Mec Mec pizzeriako leiho denak apurtu zituzten. Erasoa ohar baten bidez aldarrikatu zuten: urtarrilaren 9an enpresa horretako langilea "sistema kapitalistak eragindako prekarietatearen ondorioz" hil zela salatu zuten. A.R.J. 24 urteko pizza-banatzaileak abenduaren 30ean izan zuen zirkulazio-istripua, Gorlizen, motorrean zihoala; handik bi astera zendu zen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa