Orange operadoreak zuntz optikoa ipiniko du Sopelan

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 24a, 13:19
© ORANGE

Herrian telekomunikazioak hobetzeko "aurrera pauso garrantzitsu" bat eman du Sopelako Udalak, bertoko agintariek adierazi dutenez. Orange operadoreak 600.000 euro inguru inbertituko ditu zuntz optikoa herriko 3.400 etxebizitza eta negozio baino gehiagotara iris dadik. "Udalerriko etxebizitza eta negozioen %70ak baino gehiagok merkatuko telekomunikazio finkoen teknologia aurreratuena eskura izango dutela suposatzen du", azaldu dutenez. Proiektua aurten eta datorren urtea bitartean gauzatzea aurreikusten da, eta "horretarako faktore giltzarria izango da komunitateetako ugazabek eta finketako administratzaileek instalaziorako baimenak ematea.

Helburu horregaz, operadoreko teknikoak egun hauetan auzokide eta komunitateak bisitatzen hasi dira zuntz optikoa instalatzearen abantailen berri emateko: "doakoa dela eta ez duela inolako konpromisorik suposatzen zerbitzuen kontratazioari begira", esaten omen diete.

Udal-iturrien arabera, "4G sarea eta zuntz optikoa (FTTH) etxeetara eramanez, udalerria konektibitate teknologia onenekin hornitzea besterik ez da alde bien helburua". Hala, zuntz optikoko azpiegituran egingo den inbertsio hau, Orangek 4G mugikorren zerbitzuen promoziorako Sopelan egiten dabilen kanpainari gehitzen zaio; daborduko 200.000 euro inguru bideratu ditu operadoreak, horretara.

"Horri esker, udal bizkaitarreko auzokideen %94 inguruk datu mugikorrak transferitzeko gehienezko abiadura izango dute", nabarmendu du Udalak. Hirigintzako zinegotzia den Felix Gabarainek maila honetako proiektuek udalerriko "biztanleentzako dakartzaten onurak" azpimarratu ditu, eta bertoko enpresarien garapen ekonomikorako ere. "Merkatuko teknologia finko eta mugikor aurreratuenak dituzten komunikazio sareen abantaila guztiak izango dituzte", aipatu duenez.

Bere aldetik, Orange operadoreko ordezkariek jasotako laguntza eta erraztasunak eskertu dizkiote Udalari, "baita auzokideei eragozpen gutxien sortzeko hedatze lanak gauzatzeko udaleko teknikoekin mantentzen ari diren koordinazio ona ere". Halaber, bere udalerrira ahalik eta azkarren 4G teknologia eta zuntz optikoa iristeak ekarriko dituen onura eta erraztasunen berri auzokideei ematerakoan "Udalaren parte-hartzearekiko gogobetetasuna" adierazi dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun