Udalak “ipinitako trabak” salatu dituzte Sopelako kuadrillek

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 8a, 11:58

Iazko San Pedro jaietan protesta egin zuten kuadrillek.

Euren ekintzak gauzatzeko orduan, Udalak emandako laguntzari "eskasa" dela iritzi dio Sopelako Kuadrillen Koordinakundeak; lagun-taldeek salatu dutenez, "trabak etengabeak izan dira".

Zinegotzi denen aurrean irakurri zuten erakunde horretako ordezkariek euren adierazpena: "gaurkoan gure eskubideak berma daitezen eskatzera gatoz, eta herriko beste gizarte-eragile bezala, gurea dagokiguna eskatzera gatoz", aipatu zuten. Kuadrillen berbetan, "gure helburuak lortzeko beharrezkoa dugu Udalagaz harremanak eraikitzea eta elkarlana bultzatzea. Sopelako Kuadrillen Koordinakundean gauden ehun bat gazte udalerrikoak gara, eta sopeloztar legez Udalak eskaini behar dizkigun tresna eta baliabideak gureak egin gura ditugu".

Gontzal Hermosilla alkateak erantzun duenez, "Sopelako Udala ez du Gobernu-taldeak bakarrik osatzen, badira herriko hainbat gizarte-eragileakaz egunero elkarlanean dabiltzan teknikariak edota udal langileak; bere lana ezin hobeto egiten dutenak, gainera. Urtero legez, askatasunean eta elkartasunean oinarritutako jaiak izateko ari gara lanean, sopeloztar guztiok goza ditzagun jaiak izateko. Orain egun batzuk adierazi nuen moduan, Sopelako Kuadrillen Koordinakundearen beharrak entzuteko konpromisoa hartu du Udalak, eta buru belarri jarraituko dugu lanean jaiak errespetu osoz gara daitezen".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun