Erdigunea, oinezkoen lehentasuneko gune, Sopelan

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 8a, 12:38

Udaletxetik elizarainoko espaloiak zabalduko lirateke, Zipiriñeko zebrabidea moldatzeaz gainera. SOPELAKO EH BILDU

Udal-aurrekontuak aurrera ateratzeko, hitzarmena izenpetu zuten abenduaren akabuan EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk. Azken horiek aurkeztutako 13 zuzenketak aintzat hartu ostean, botoa ematean, abstenitu egin ziren koalizioko zinegotziak. Proposamenen artean, Sopelako erdigunean oinezkoei lehentasuna ematea eskatzen zuen EH Bilduk; Denok Batera alderdiak, ostera, ez du begi onez ikusten hori gauzatzeko ipinitako 130:000 euroko diru-partida.

Euren ustez, "zati bat oinezkoentzat ipintzea ideia ona da; baina, trafikoaren egoera eta beste aukera batzuk kontuan hartu barik egiteak arazo handiak ekarriko dizkigu". Besteak beste, Urdulizko ospitaleak erakarriko duen ibilgailu-kopurua berbabide daukate alde horretakoek. Horregaz lotuta, "trafikoaren aukeren inguruko ikerketa bideragarri eta fidagarri bat" eskatu dio Denok Batera alderdiak Udal-Gobernuari.

EH Bilduk erantzun dienez, "ikerketa bi egin dira egitasmo hau gauzatzeko: aurreko legegintzaldian, alkatetzan geundela, Hiriduna arkitektura-enpresak ikerketa eta proiektua egin zituen; eta, orain, EAJk eskatuta, trafikoari buruzko ikerketa egin du Leber enpresak". Guillermo Vio EH Bilduren bozeramailearen arabera, "hirugarren ikerketa bat egiteak ez dauka zentzurik". Urdulizko ospitaleko sarbideei dagokienez, “errepide horiek foralak” direla nabarmendu dute koaliziokoek; horrenbestez, "Aldundiagaz akordioa lortu ezean, Sopelako erdigunea ezin da urteetan autoen menpe egon", bere ustez.

Gontzal Hermosilla alkateak ez du adierazpenik egin gura izan, gai horren inguruan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun