Galdutako adineko gizon frantziar bat aurkitu du Sopelako Udaltzaingoak

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 10a, 17:53

Udaltzainen patruila-autoa. © SOPELAKO UDALA

Eguaztenean 81 urteko adineko gizon batek hasitako bidai gorabeheratsuak akabu zoriontsua izan du, herritarren eta Sopelako akademia bateko frantsesezko irakasle baten laguntzari esker. Bertoko udaltzainek egunean bertan aurkitu zuten.

Martxoaren 8an, 19:30ak aldera, herriko supermerkatu bateko arduradunen deia jaso zuen Sopelako Udaltzaingoak. Dirudienez, frantsesa soilik berba egiten zuen eta galduta zirudien adineko gizon batek denbora asko zeraman dendaren barruan. Udaltzaingoa establezimendura gerturatu zen eta, gizonagaz komunikatzea ezinezkoa zela ikusita, Poliziaren bulegoetara eroan zuten. Bertan, adinekoak identifikazio txartelik ez zeramala konprobatu zuten; bai, ordea, gudaria izan zela frogatzen zuen agiria. Bere maletak Air Europako etiketa bat ere bazeukan. Hortaz, Udaltzaingoa konpainiagaz kontaktuan ipini: Air Europakoek azaldu zutenaren arabera, gizonezkoak Loiun hartu zuen hegazkina, bere emazteagaz; baina, antsietate-krisi bat izan zuen eta hegazkinetik jaitsi behar izan zuten.

Gizonak agenda bat zeraman, maleta barruan; telefono zenbaki batzuk zeuden idatzita. Komisaria ondoko hizkuntza akademia bateko irakasle baten laguntzari esker, gizonaren ezagun batzuekaz kontaktuan ipini zen Udaltzaingoa, eta ezagunek emazteagaz berba egin zuten; andrea Irunen zegoen.

Dirudienez, hegazkinetik jaitsitakoan, Termibusera gerturatu zen bikotea; bertan, Irunera bidaiatzeko txartelak erosi zituzten. Bertan zeukaten kotxea. Baina, Termibusen, emakumeak bere senarra begien bistatik galdu zuen. Ustez, gizonak metroa hartu eta Larrasbasterraraino bidaiatu zuen. Emakumeak, bere senarra aurkitzen ez zuela ikusita, autobusa hartu eta Irunera joan zen, kotxea hartzeko eta senarraren bila bueltatzeko asmoz, Bilbora.

Azkenean, Udaltzaingoa Loiuko aireportuan elkartu zen emakumeagaz, eta berraurkitzea gauzatu zenean, bikotea hotel batera eraman zuten, behar bezala deskantsatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun