Urkoko futbol-zelai artifiziala estreinatu dute

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 22a, 18:00

Ugeragako eta Athleticeko beteranoen arteko partida jokatu zuten 2015eko azaroan. © ATHLETIC

Daborduko, Ugeragako futbol-taldeek baloia biraka ipini dute Larrabasterrako Urko kiroldegiko belar artifizialeko zelaian. Sopelako Udalak nabarmendu duenez, bertan egin diren "hobekuntza-lanek kirol-zelaiaren zorua zaharberritzea" izan dute ardatz. Hala, "orain arteko zelai sintetikoa azken belaunaldiko FIFA Quality Pro homologazio-kalitatea duen batengatik ordezkatu" dute. Modu berean, zelaia ordezkatzeaz gainera, ateak eta hesien sareak ere berriztatu dituzte. Denetara, 150.000 bat euro inbertitu ditu Sopelako Udalak behar horietan.

Halere, Urkoko lanek zenbait ika-mika ekarri dituzte. Berbarako, Ugeraga kirol-elkarteko lehenengo taldeko entrenatzaileak, Omar Alonsok, bere haserrea agertu zuen obrak amaitu baino lehen. Alonsok kritikatu zuen Udalak agindu ziela lanak amaituta egongo zirela denboraldia hasi aurretik, baina abuztuaren 15ean hasi zirenean konturatu ziren ez zela horrela izango: "okerrena da, gainera, belar naturaleko zelaia erabat txikituta eta utzita topatu genuela". Hala, enpresa bat kontratatu behar izan zuten zelai hori egokitzeko. Ondoren, lanak abenduan hasi zirenean, kritikatu zituzten klubeko partidak baldintzatzeagatik eta belar artifizialerako eguraldi desegokia aukeratu izateagatik.

EH Bildu koalizioak, ostera, salatu du Urkokoa "lardaskeria" dela. Gainera, ezkerreko alderdiak gogorarazi du 2017rako aurrekonturako gutxieneko hitzarmenean, horren inguruko klausula sartu zutela, Urkoko azpiegitura-lanak kirol-taldeakaz hitzar zitzaten. Azkenik, oroitarazi dute EAJk eta PSE-EEk futbol-zelaia atontzearen aurka bozkatu zutela 2015ean: "belarra 2015eko udatik egon zitekeen zaharberrituta".

Kontuak hala, Urkoko futbol-zelai artifiziala 2001ean instalatu eta, 2010ean hainbat moldaketa egin ziren. Belar artifiziala ez da orain arte aldatu, 16 urteko biziaren ostean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun